Uste duzu negoziazio hauekin bakea lortuko dela?
Israelgo Gobernua nola eratua dagoen eta horrek palestinarren aurka duen jarrera ikusita, ez dirudi negoziazioak egiteko garaia denik. Aurretik egoera berdinean beste hainbat ahalegin egin dira, eta huts egin dute. Ez dut uste oraingoan ere ezer lortuko denik. Ez daude partaide egokiak, eta unea ere ez da egokia. Elkarrizketak hasteko arrazoi bakarra AEBek Israeli eta PANi [Palestinako Aginte Nazionalari] egiten dieten presioa da.
Zein interes dute AEBek?
Barack Obama presidenteak arlo honi garrantzia handia eman zion hauteskunde kanpainan. Haren programan Ekialde Hurbilean bakea lortzeko lanak berriro hasiko zituela agindu zuen, eta, horren eraginez, orain zerbait egin beharra du. Hori da AEBek bitartekari lana egitearen arrazoietako bat. AEBei ez zaie axola israeldarrak eta palestinarrak zein motatako adostasunera iristen diren, lurraldean bakea lortzen den bitartean. Hori ona izango litzateke Washingtonentzat.Nire ustez, Obamaren gobernuak ez du helburu hori lortzeko aukerarik ikusten, baina kanpainan hitzemandakoa betetzeko ahalegina egin behar dute.
Zein izango litzateke gatazkaren konponbide egokia?
Lurraldean bizi direnen eskubideak guztiz errespetatzen dituztenean konponduko da arazoa. Horretarako, Israelek iheslari Palestinarrei beren etxeetara itzultzen utzi behar die, eta okupazioa amaitu behar du. Gatazka amaituta, Israelek ez luke segurtasunagatik kezkatu behar. Baina hori guztia gertatzeko, Israelgo Gobernuan eta politikan aldaketa ugari egin beharko dituzte. Adostasuna lortzeko gatazkan kaltetutako herritar guztiak errespetatu behar dituzte.
Israel, ordea, koloniak eraikitzen ari da oraindik ere.
Israelgo Gobernuaren iritziz, dagokion eremuak eta okupatutako lurraldeek osatzen dute herrialdea, eta ez du horien artean banaketarik egiten. Horrek erakusten du zergatik ez den errealista bake negoziazioak egitea. Kolonietan bizi direnak ministroak eta alderdietako kideak dira batez ere, eta, beraz, Gobernuak pentsaera hori aldatu ezean, koloniak eraikitzen jarraituko dute.
PANeko presidente Mahmud Abbasek negoziazioak eten beharko lituzkeela uste al duzu?
Bai. Abbasek ez zituen negoziazioak hasi behar Israelgo Gobernuarekin. Horrekin jarraitzeak ez dauka zentzurik. Palestinarrak alderdi ahulena dira, ez dago guztiak ordezkatzen dituen erakunderik, eta ez daukate atzerriko herrialdeetako gobernuen laguntzarik. Israel, berriz, ez da betetzen ari Abbasek elkarrizketak hasi ahal izateko jarritako baldintza. Baina orain ezin ditu negoziazioak eten, bakearen aurkari gisa agertu gabe. PANek bere kabuz erabaki zuen AEBekin bat egitea; bazekien ez zutela ezer lortuko. Kontua da eskatu dieten guztia egin dutela palestinarrek, eta, hala ere, elkarrizketak eteten dituztenean haiei botako diete porrotaren errua.
Indarkeria areagotzeko arriskurik bada?
Oso erraza da Hamasentzat bake negoziazioa kritikatzea, Gazan bakartuta daudelako. Bakardade horrek beste herrialdeekin erlazionatzeko arazoak sortzen dizkio. Gatazkaren ikuspegi desberdina dute. Ez dute nazioartea kontuan hartzen, eta misilak jaurtiz Israel menderatu dezaketela uste dute. Oker daude, eta atzerriko herrialdeek hori erakusten ez dieten bitartean, berdin jarraituko dute. Gure erakundeak eta beste hainbatek helburuak indarkeriarik erabili gabe eta nazioarteko legeak jarraituz lortu behar direla erakutsi nahi dute, baina ez dugu horretarako aukerarik. Haserre daude, ez zituztelako negoziazioetarako kontuan hartu. Hori da aurka egotearen arrazoi nagusia.
Palestinarrek ez dute atzerriko gobernuen laguntzarik, eta Israelek, ordea, AEBen eta Europaren sostengua du. Palestinarren artean etsipena zabaltzeak indarkeria areagotu dezake. Hori ekiditeko, AEBek palestinarren erresistentzia baketsuaren bidezko presio bideak sostengatu beharko lituzke.
Gaur hitzaldia emango duzu Bilbon Biladik gonbidatuta. Laguntzen dute halako ekitaldiek?
Gobernuz kanpoko erakundeek lan asko egin dute palestinarren alde; indarkeriarik gabeko erresistentzia ekintza ugari egin dituzte. Horietatik itxaropen handiena ematen diguna Israelen aurkako boikot kanpaina da. Munduko guztiko erakunde, eliza, unibertsitate eta sindikatu ugarik bat egin dute. Kontua da gobernu batek ere ez duela kanpaina sostengatzen. Gizarteak gauza asko egin ditzake, baina gobernuen laguntzarik gabe oso zaila da helburuak lortzea.