AEBek ez dute nahi Israelek palestinarren kontra indarkeria are gehiago gogortzerik, eta horregatik ez dute onartu etenik eta mugarik ez duten Israelgo kokalekuak gaitzesteko eta haiek geldiarazteko eskatzen duen erabakia. Hori azaldu dute Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluan gainerako kideek onartutakoari betoa ezarri diotenean, haien hitzetan, «Ekialde Hurbileko bake prozesua ez oztopatzearren», ez dutelako Israel haserrarazi nahi. Erabakiari, baina, tentuzko erantzuna eman dio NBEn aurkeztu duen txostenaren egileak, Palestinako Aginte Nazionaleko presidente Mahmud Abbasek. «Palestinako diplomaziak benetako garaipena lortu du» harentzat, gainerako hamalau kidek babestu dutelako proposamena.
Baina AEBek ez, eta, ondorioz, atzera egin dute egitasmoan, NBEko Segurtasun Kontseiluko bost kide iraunkorrek edozein erabaki atzera egiteko duten eskubidea baliatuta. Kokalekuen kontra daudela esaten dute, baina praktikan Israelen kontrako erabakiak hartzea bereziki kostatzen zaie, ezta presio egiteko bada ere, kasu honetan bezala.
Baina Israel pozik izateak—eta estatubatuar kopuru handi bat— mundu arabiarrean kontrako efektua du, etxetik hasita. Hamasek Palestinako baketze nazionala Fatarekin eztabaidatzeko prest dagoela iragarri du, baina hitz egiten hasi aurretik ohartarazita «oztopo nagusia Israelen eta AEBen betoa» dela. Fatarekin zerbaitetara heltzeko ikuskera eta egitasmo palestinarrak oinarri izatea jarri du baldintzatzat, kanpotik datorren presiorik gabe.
Palestinatik kanpo ere, ondorioak izan ditzake AEBen jarrerak, batez ere egoera nahasten eta aldatzen ari den herrialde arabiarretan. Horrexegatik, AEBak saiatu dira Abbasek aurkeztutakoa aldez aurretik geldiarazten. Testu leunago bat ere proposatu diote betoa ez ezartzearren, baina ez dute lortu larrialditik bai eta ez batekin ateratzeko irtenbideak aurrera egitea.
Israelen garaipena
Israel berriz ere inork ez du ezertara behartu, Europak eta Human Rights Watchek AEBen jarrerak zuzenbide eskubidea betearazteko legedia zulatzen jarraitzeari babesa ematen diola salatuta ere, nazioarteak kokalekuak legez kanpokoak direla esaten duen arren. Hana Ashraui Palestinako legebiltzarkide eta negoziatzaileak ohartarazpena egin du horren inguruan, esanez munduko iritzi eta presio guztien gainetik Israelekin dagoela «suntsipenera arte».
Lurralde palestinarrera Israelgo Gobernuaren babesarekin aldatu diren ia 500.000 juduren eredua jarraitzeko bidea zabalik dute hala nahi dutenek. Mezu hori jaso zuten atzo, eta Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk esandakoak ez du hauspo hori zabaldu besterik egin. Palestinarrekin bake negoziazioetarako konpromisoarekin jarraitzen duela ere esan zuen, baina betiere «palestinarren aspirazioak Israelek segurtasunerako duen eskubidearekin partekatuta».
Barack Obamak kokalekuak gelditzearen alde hitz egin du beti, eta, horren ondorioz, Netanyahuren gobernuaren urruntasuna jasan du, baina hori defendatzetik geldiarazteko erabakia hartzeraino bide luzea dago, eta ez dauka hori egiteko nahikoa babesik etxean. Iritzi publikoa aurka du, hasteko.
Etxe Zuria NBEn Israel kritikatzeko testu alternatiboa negoziatzen ari zela jakin bezain laster, komunikabide askotako zutabegileak Administrazioaren politikaren ahultasuna kritikatzera atera ziren, eta salatu zuten Israel, betiko aliatu, leial eta ordezkaezina galtzeko arriskuan jartzeraino makurtu dela Obamaren gobernua.
Abbasek garrantzia kendu dio AEBek Israelen kokalekuak ez gaitzesteari
Hamasentzat, Teheranen eta Washingtonen betoa da oztopo nagusia Palestinako adiskidetze nazionalerako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu