Ekialde Hurbila

Abbasek iragarritako su-etena ez duela beteko adierazi du Hamasek

Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko burua eta Ariel Sharon Israelgo lehen ministroa Sharm el-Sheikhen (Egipto) batzartu dira gaur. Bilera hasi eta gutxira bi aldeek su-etena aldarrikatu dute ofizialki. Hamas erakunde palestinarrak Abbasek iragarritako su-etena ez duela beteko iragarri du, "Israelek preso palestinar guztiak askatu arte".

2005eko otsailaren 8a
18:36
Entzun
Israelgo zein Palestinako iturriek atzo iluntzean jakinarazi zutenez, su-etena hitzartu dute bi aldeek, eta gaurko bileran horren berri emango dute ofizialki. Hala ere, Hamas erakunde palestinarrak ez duela beteko adierazi du, "Israelek preso palestinar guztiak askatu arte".

Nolanahi ere, prozesua ez da erraza izango. Hamasek atzo gauean jakinarazi zuen Sharm el-Sheikhetik itzultzean Abbas erakunde horretako buruzagiekin batzartzen ez bada ez dutela su-etena onartuko. Gaur atzo esandakoa berretsi dute. Halaber, 500 preso palestinarren gaur 24 orduko baraualdia egingo dutela iragarri zuten, hain justu, Abbasen eta Sharonen arteko goi bileragatik protestatzeko.

Era berean, gaur goizean Israelgo Armadak Zisjordaniako Nabulus hiriko sarreak blokeatu ditu: agertu dutenez, miliziano palestinarrek atentatua egiteko arrisku handia dago, eta horregatik hartua dute neurria.

Lau puntu adostasunerako

Israelgo prentsak gaur plazaratu duenez, lau puntu adostu dituzte Israelgo zein Palestinako agintariek. Batetik, su-etena aldarrikatuko dute: hau da, Palestinako talde armatuek ez dutela atentaturik egingo, eta Israelgo Armadak bertan behera utziko dituela Gazako eta Zisjordaniako eraso eta sarraldiak.

Bestetik, Zisjordaniako bost hiri PANen kontrolpean geratuko dira datozen "aste edo hilabeteetan".Horietatik lehena Jeriko izango da. Hirugarren akordioa litzateke Israelen Gazatik erretiratzeko plana PANekin negoziatu eta adostea. Azkenik, "Israel eta arabiarren" arteko gatazka behin betiko amaiarazteko konpromisoa hartuko dute agintari biek. "Arabiarra" aipatzearekin Siria prozesuan sartuko dela adierai nahi dela uste da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.