Mahmud Abbas Palestinako Aginte Nazionaleko lehendakariak oraingoz uko egingo dio Benjamin Netanyahu Israelgo Gobernuko lehen ministroarekin New Yorken biltzeari, Riyad Al Maliki Palestinako Atzerri ministroak esan duenez. Abbas eta Netanyahu New Yorken izango dira egunotan, NBE Nazio Batuen Erakundearen batzar nagusian.
Palestinak NBEri estatu ofizial gisa izendatzeko eskaera egingo dio etzi. NBEko 194. kidea izan nahi du Palestinak: eskubide osoko kidea, 1967ko mugak errespetatzen dituen estatu gisa.
Israelgo buruak iradoki du "negoziazio zuzenak" izan nahi dituela Abbasekin, baina Palestinako Atzerri ministroak jakinarazi du ez dutela bilera eskaerarik jaso eta, gainera, une hauetan balizko bileretatik ez litzatekeela ezer aterako. "Netanyahuk bilera horretan esango luke gauzak ondo daudela, ez dagoela gatazkarik, eta Abbas ez dago prest horrelako batzarrik izateko".