Palestina estatu ofizial gisa onartzeko eskaera egin dio gaur Mahmud Abbas Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteak New Yorken NBE Nazio Batuen Erakundeari, honen Batzar Nagusian gutun ofiziala helarazita Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiari. Batzarreko hainbat kideren txaloak jaso ditu une horretan.
Hitzaldiaren hasieran Abbasek esan du Israelek Palestinako lurrak okupatzen segitzen badu, "konponbidea hautsi" egingo duela. "Lehengo bake prozesuen porroten erantzule izan da politika hori. Guk ez dugu nahi Israel isolatzea edo ez dugu nahi hari zilegitasuna kentzea, baizik eta bakea lortzea".
Joan den ostiralean iragarri zuen PANeko buruak Ramalan estatus gorena eskatuko zuela gaur New Yorken eta pauso bat ere ez zuela atzera emango. "Estatu bat behar dugu. Sinplea da kontua. Aulki bat behar dugu NBEn", esan zuen. Abbasen erabakitasunak itxaropena piztu zuen palestinarrengan, Hamas kontra agertu arren; Israelek eta AEBek, ostera, urduri eta beldurrez hartu zuten berria. Aste honetan Ekialde Hurbilerako Laukoteak —AEB, EB, Errusia eta NBE— hamaika bilera eta ahalegin egin du Abbasi NBErako bidea oztopatu eta PAN eta Israel berriz ere negoziazioetara bultzatzeko. Oraingoz, ordea, ez dute lortu.
Hala ere, badirudi nazioarteko presioak eragin dezakeela Abbasengan. Barack Obama AEBetako presidentearekin bildu zen atzo, eta hark jakinarazi zion eskaria Segurtasun Kontseilura iritsiz gero AEBek beto eskubidea erabiliko dutela hura atzera botatzeko. Obamaren hitzen ostean, esperantzatik frustraziorako bidea egin dute palestinarrek, eta urduritasunetik pozera, aldiz, israeldarrek. Hala, gaurko hitzaldiaren tonua leundu eta Segurtasun Kontseiluari erabakia hartzeko "denbora" emango diotela iragarri zuen atzo Nabil Saath PANeko negoziazio arduradunak. Ordu batzuk geroago Jaser Abed Rabo PAE Palestina Askatzeko Erakundeko idazkari nagusiak ukatu egin zuen horrelakorik. "Abbasek ez du bozketa atzeratzerik eskatuko".
NBEko Segurtasun Kontseiluak erabakitzen du zein estatu onartu eta zein ez. Hamabost kidek osatzen dute kontseilua, eta beto eskubidea dute bostek —AEB, Erresuma Batua, Errusia, Frantzia eta Txina—. Estatu berri bat onartzeko, beharrezkoa da gutxienez bederatzi kideren babesa lortzea, eta inork betorik ez jartzea. Behin estatu berria onartuta, NBEko Batzar Nagusiak berretsi behar luke erabakia, ganberako bi herenen babesa gaindituz. Palestinarrek oraindik ez dituzte lortu kontseiluko bederatzi babesak, baina horretarako lanean ari dira, Obama agerian uzteko. Etxe Zuriak, hain justu, kosta ahala kosta saihestu nahi du Segurtasun Kontseiluaren bozketa. Betoa erabiliz gero, agerian geratuko litzateke herrialde arabiarren aurrean; erabiliko ez balu, aldiz, komunitate juduaren babesa galduko luke 2012ko hauteskundeetan.
Israelek Sarkozyk Palestinaz egindako proposamena ere baztertu egin du
Israelek dio ez duela baztertzen Palestinako Estatuaren "ideia", baina trabak jartzen segitzen du, eta Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak asteazkenean egindako proposamena ere errefusatu egin du. Vatikanoak duen maila bera emanez, Palestina NBEn kide ez den estatu behatzaile gisa aitortzea, proposamen hori du egina Sarkozyk. "Aurrerapauso garrantzitsua" litzateke Frantziako presidentearentzat. "Bizi dugun immobilismotik atera, eta itxaropena emango genieke palestinarrei".
Asmo hori ez zaio gustatzen Israeli, gaur Igal Palmor Atzerri Ministerioko bozeramaileak esan duenez. "Izan ere, inoiz Palestinako Estatua badago, negoziazioen bidez atera behar da eta, beraz, bake akordioaren aurretik ezin da inolako aitortzarik egon".
Horretaz gain, bakea lortzeko egutegi zehatza proposatu du Sarkozyk. "Amaigabe eztabaidatzeak ez du zentzurik. Epe mugak jarri behar ditugu: hilabete berriro elkarrizketei ekiteko, sei hilabete mugen eta segurtasunaren inguruan ados jartzeko, eta urtebete azken akordioa lortzeko".
Frantziako presidentearen ideia "biharko eguneko bake negoziazioentzat kaltegarria" litzatekeela esan du Israelek. "Prozesuak ordenatua izan behar du", adierazi du Palmorrek.