Abbasen Al-Fatah alderdiak hiru hiri nagusi galdu ditu Zisjordaniako udal bozetan

Hauteskundeetan herritarren %55ek hartu dute parte, 2005eko udal bozetan baino %5 gutxiagok

Arnaitz Lasarte.
2012ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Al-Fatah alderdiak hauteskundeak galdu ditu Zisjordaniako Ramallah, Nablus eta Jenin hirietan. Larunbatean egin zituzten Zisjordaniako udal hauteskundeak, eta Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidentearen alderdiak espero baino emaitza kaskarragoak lortu ditu. Izan ere, hiru hiri nagusitan ez du lortu alkatetzarik, nahiz eta Hamasek ez duen hauteskundeetan parte hartu. Al-Fatahen aurkari nagusiak bozak boikotatzeko deia egin zien herritarrei.

Zenbait analistaren arabera, Al-Fatahek ezkerreko alderdien babesa galdu du. Eta horri gehitu behar zaio egungo zuzendaritzarekin kritiko diren hainbat militante zaharrek alderditik ateratzea erabaki izana. Jeninen, esaterako, Janet Jouri Al-Fataheko kide ohiaren alderdi berria gailendu zaio Abbasen alderdiari. Ramallaheko alkatetza, berriz, alderdi independente bateko hautagaiak eskuratu du. Ramallah Zisjordaniako hiriburutzat jotzen dute, eta bertan daude gobernuaren egoitza nagusiak.

2006an parlamentuetarakoegindako hauteskundeez geroztikpalestinarrek egindako aurreneko bozak izan dira, eta parte hartze eskasa izan da. Maan agentziak emandako datuen arabera,%55ekoa, 2005eko udal bozetan baino %5 txikiagoa. Larunbatean, 353 udaletatik 92tan bakarrik egin dituzte hauteskundeak. Izan ere, 181etan hautagai bakarra aurkeztu zen, eta beste 78tan ez zen hautagairik aurkeztu.

Zaharrak taldea, Israelen

Besteak beste, palestinarren eta Israelen arteko gatazkaz hitz egiteko, The Elders (Zaharrak) taldeko kideak Simon Peres Israelgo presidentearekin bildu dira. Taldea munduko hainbat buruzagi politiko beteranok osatua da. Jimmy Carter AEBetako presidente ohia eta Gro Harlem Bruntland Norvegiako lehen ministro ohiak bildu dira Peresekin. Abbas PANeko presidentearekin ere bilduko dira datozen egunetan.

Israelgo presidenteari azaldu diot haien ustez gatazka konpontzeko dauden oztopoak zein diren. Israelen koloniak hedatzeko asmoa ez du begi onez ikusten politikari beteranoen taldeak, neurriak konponbidea lortzea zailduko duela uste baitute.

Bestalde, Carterrek adierazi du AEBak «noizbait» izan zirela akordioa lortzeko oztopo baina gaur egun ez dutela inolako eraginik Israelen eta palestinarrean arteko gatazkan: «1967az geroztik, Etxe Zuriak auzi honetan zeregin gutxien duen garaia da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.