Arenys de Munteko iraileko galdeketari segida emanez, Katalunian independentziari buruzko kontsultak egingo dituzte abenduaren 13an 130 herritan. Guztira 650.000 herritarrek bozkatu ahal izango dute -Kataluniaren biztanleriaren %10 inguru osatzen dute-.
Bartzelona, Lleida, Tarragona eta Girona hiriburuek ez dute bat egin deialdiarekin. Dena dela, Uriel Bertran ERCko ordezkari eta erreferendumaren deitzaileak adierazi du Girona kontsultarekin bat egiteko bidean dela eta, gainerako hiriburuek denbora gehiago behar dutela ekimenean parte hartzeko. Hala ere, nabarmendu du lau hiriburuek galdeketan ez parte hartzeak ez diola galdeketari garrantzia kenduko. "Katalunia prest dago erabakitzeko. Autodeterminaziorako bidea abiatu da".
Bertranek azaldu du badakitela Kataluniako Gobernuak erreferenduma onartzea zaila izango dela. Dena den, abenduaren 13ko kontsultaren emaitzak jakinaraztea nahi dute. "Espainiako Estatuak erabakitzeko eskubidea ukatzen digu, baina hori ez da oztopoa, aurrera jarraitzeko pizgarria baizik".
Arenys de Munten 2.568 lagun alde, 61 aurka
Irailaren 13an Arenys de Munteko galdeketan parte hartu zuten lagunek garbi esan zuten Kataluniaren independentziaren alde daudela, 2.568k baiezko botoa eman zutelako eta 61ek ezezkoa. Zortzi mila biztanle bizi dira herri horretan eta %41eko parte-hartzea izan zuen bozketak.
munDUA
Abenduaren 13an independentziari buruzko kontsultak egingo dituzte Kataluniako 130 herritan
650.000 herritarrek izango dute boza emateko aukera. Lau hiriburuek ez dute parte hartuko. Arenys de Munten irailean egin zuten galdeketa eta independentziaren aldekoak irabazi zuten, alde handiarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu