Azaroko hauteskundeen emaitza ofizialak gaur dira argitaratzekoak Kongoko Errepublika Demokratikoan. Bozen aitzinetik indarkeria giroa nabarmena izan da ofizialisten eta oposizioko taldeen artean, eta emaitzak argitaratzeak gatazka erabat leherraraziko duen beldur dira NBE Nazio Batuen Erakundea eta CENI Hauteskunde Batzorde Nazional Independentea. 1960an independentzia lortu zuenetik, formalki gutxienez hiru gerra zibil pairatu ditu herrialdeak, baina gobernu zentralaren eta hainbat miliziren arteko gatazkak etengabeak izan dira 50 urtean. 200 etnia baino gehiago bizi dira Kongon, eta baliabide naturalei dagokienez, Afrikako eta munduko herrialde aberatsenetakoa da. Oparotasun natural hori, ordea, bedeinkapena baino gehiago zigorra bihurtu da herrialdearentzat, barneko zein kanpoko fakzioek sustatutako gatazken erdian paratu baitu.
Vital Kamerhe presidentetzarako hautagaietako batek mezu interesgarria erabili du kanpainan, Kongo Brasilekin alderatu baitu. «Uste osoa dut bere posizio geoestrategikoagatik eta natura eta giza baliabideengatik Kongoko Errepublika Demokratikoa, orain lokartutako elefantea dena, Brasil bezala ernatuko dela».
Brasil bezala ernatzeko, baina, estatu egitura ahulegiak ditu Kongok, eta aginte zentrala ez da herrialde osora ailegatzen —bereziki ekialdean—. Horretaz baliatzen dira, adibidez, multinazionalak, diamanteak, mineralak, petrolioa eta bertzelako gaiak erauzteko. Laurent Desiree Kabila aitzineko presidenteak, tradizio marxistatik etorri arren, AEBetako eta Kanadako hainbat enpresarekin akordioak egin zituen Mobutu Sese Seko diktadorearen aurkako sostengua ematearen truke. Ugandak eta Ruandak ere, 1997. eta 2003. arteko gerrak baliatuz, egurra, kafea, urrea eta diamanteak arpilatu dituzte Kongotik. Ruandaren diamante ekoizpena 166 kilatekoa zen 1996an; 2000an, berriz, meatzerik ez eduki arren, 30.500ekoa. Ezegonkortasun politikoak baliabide horiek kontrolatzeko ahul bihurtzen du Kongo. Bozen helburua estatua egonkortzea da, baina berriz ere gatazkak lehertuz gero, paradoxa indartu eginen da: herrialde aberatsena, biztanle pobreenekin.
Kabilaren aldeko datuak
CENIk argitaratutako azken datuen arabera —herenegun arratsean—, botoen %89 kontatuta Joseph Kabila egungo presidentea litzateke bozen irabazlea, botoen %48rekin. Haren arerio nagusiak, Etienne Tshisekedik, %34 lortuko luke. CENIk dio hautagai guztiek zin egin dutela emaitzak errespetatuko dituztela, baina Kinshasa hiriburuan Poliziaren presentzia nabarmena zen atzo, azken egunetako istiluak berpiztuko diren esperoan. Gutxienez lau hautagaik salatu dute Kabilaren aldeko iruzurra.
Mobuturen erregimenaren (1965-1997) ondorengo bigarren hauteskundeak izan dira iragan azaroaren 28koak. Lehenbizikoak 2006an egin ziren, eta oraingoek azken gerra zibilaren (1998-2003) ondorengo trantsizio prozesua azkartzeko helburua dute. 2006ko bozak ere istilutsuak izan ziren, Jean Pierre Bemba galtzaileak Kabilaren aldeko iruzurra salatu baitzuen, eta asteetan borrokak izan ziren karriketan haren jarraitzaileen eta estatuko indarren artean.
Aitaren itzala
Litekeena da Kabilak berriz ere bozak irabaztea, baina oposizioko hainbat talderen ustez, iruzurra erabiltzen du hauteskundeetan, eta legea bere interesen arabera erabili du, hauteskundeen bigarren itzulia desagerrarazi duelako. Horrela, bigarren bozketan arerio guztiak batzea saihestu dezake, oposizioko indarrek diotenez. Bertze erregimen bat gorpuztea egozten diote. Izan ere, aitaren itzal luzea du gibelean egungo presidenteak.
Laurent Desiree Kabila zen aita, 1965ean Kongoko espedizioan Che Guevararen pazientzia amaitu zuen lider iraultzailea. 1997an, Kabila aitak Mobutu boteretik kentzea lortu zuen, batez ere AEBek Gerra Hotzean emandako sostengua kendu ziotelako diktadoreari, eta Ruandak eta Ugandak tropak bidali zituztelako matxinoen alde. Mobutu urte horretan hil zen erbestean, baina Kabilak agintea hartuta ere, gatazka ez zen itzali.
Ekialdeko mugako etnien arteko tentsioen ondorioz, Ruandarekiko eta Ugandarekiko aliantza hautsi zuen Kabilak, eta horiek haren arerioak indartu zituzten. 2003an bake akordio batek eman zion amaiera milioika heriotza eragin zituen gerrari. Laurent Dessire Kabilak, baina, ez zuen hori ikusi, 2001ean hil baitzuen bere bizkartzain batek. Ordutik, Joseph semea da presidentea.
Batasunerako deiak
Oposizioko talde anitzek hori egotzi arren, aitarengandik eratorritako erregimena eratu nahi duen irudia saihesten saiatu da Joseph Kabila. 2003ko bake akordioen ondotik, kontzentrazio gobernu bat eratu zuen, eta 2006an ere oposizioko kideekin batera ahalik eta gobernu zabalena eratzeko nahia agertu zuen, «batasun nazionala» mantentzeko asmoz. Horren adibide, Mobuturen semea, François Joseph, Lan ministroa izan da azken agintaldian.
Hain zuzen, Kabilarengan aitaren itzala badago, oposizioko aurkari nagusi gehienengan Mobuturena dago. Behin-behineko emaitzek bigarren tokian paratu dutenak, Tshisekedik, ministro karguak izan zituen bi alditan. 1980an, Mobutuk espetxeratu egin zuen haren agintea kritikatzeagatik, baina 1990eko hamarkadaren hasieran abiarazitako irekitze prozesuan lehen ministro izendatu zuen. Kamerhe hautagaia, berriz, Mobuturen aldeko militantea izan zen gaztetan. 1980ko hamarkadan, oposizioko alderdietan aritu zen, eta 1997tik aitzinera, Kabilaren aldekoa izan da, bere alderdi propioarekin aurkeztea erabaki duen arte.
Aberats izatearen zigorra
Gaur dira argitaratzekoak Kongoko Errepublika Demokratikoko bozen emaitza ofizialak, liskarrerako arrisku handiarekinHerrialdeak baliabide natural oparoak izan arren, gerra zibilek zeharo pobretu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu