Mundua

Abkhazia eta Hego Osetiaren independentzia onartu du Errusiako presidenteak

Georgiaren menpeko bi herrialdeek 1990eko hamarkadan aldarrikatu zuten beren independentzia, eta gaur egun arte 'de facto' independenteak izan dira. Errusia da haien independentzia formalki onartzen duen lehenbiziko estatua. Georgiak "anexio lotsagabe" iritzi dio Moskuren erabakiari.

2008ko abuztuaren 26a
18:20
Entzun
Errusiako Legebiltzarrak eta Senatuak atzo hori egiteko aho batez eskatu ondoren, gaur Errusiako presidente Dmitri Medvedevek Abkhazia eta Hego Osetiaren independentzia onartu du. Georgiaren menpeko bi herrialdeek 1990eko hamarkadan aldarrikatu zuten beren independentzia, eta harrezkeroztik de facto independenteak izan dira. Errusia da haien independentzia formalki onartzen duen lehenbiziko estatua, lehenago aliatu eta laguntzaile izan badute ere.

Medvedevek, bide batez, Georgiako presidente Mikhail Saakashviliren jarrera -Hego Osetia bonbardatzeko agindu zuelako, abuztu hasieran, Errusiak bi herrialdeak militarki okupatu arte- gogor salatu du, eta "genozidioa" egin nahi izana leporatu dio. Georgiako armadak Errusiako armadaren eta Hego Osetiako indarren aurka izandako borroketan nahiz herrien kontrako bonbardaketetan bi mila lagun hil dira Hego Osetian, gehienak zibilak.

Georgiak Moskuren atzoko eta gaurko erabakiak salatu ditu. Atzerri ministrorde Giga Bokeria "anexio lotsagabe" iritzi dio Moskuren erabakiari: "Georgiaren zati diren lurralde horien lotsagabeko anexioa da".

Errusiako Legebiltzarreko bi ganbarek babesa eman zioten atzo Abkhaziak eta Hego Osetiak beren independentzia asmoak sustatzeko Moskuri eginiko deiari. Dumak eta Federazioko Kontseiluak (Senatua) aho batez onartu zuten Tskhinvali eta Sukhumiko gobernuetako agintarien eskaera, eta Errusiako presidenteari gomendioa egin zioten gauza bera egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.