Brasilgo presidentetza lortzeko bigarren itzulian Dilma Rousseffeta Jose Serra hautagaien arteko itsuskeriak nagusi izan dira, azpijokoak, baina biak alde berean hormaren kontra jarri ditu emakumearen erabakitzeko eskubidearen defentsak,oposizio gogorrarekin topo egin dutenean: Eliza katolikoarekin eta ebanjelikoarekin. PT LangileenAlderdiko hautagai Rousseffek, Luiz Inacio da Silva Lula-ren oinordekoak, eskutitz baten bidez zin egin behar izan die eliztarrei ez duela onartuko bere gobernuan abortua legeztatzeko prozesurik gaur presidente aukeratzen badute. Serrak, PSDBko sozialdemokraten hautagaiak abortua arautu beharraz jardutetik abortatzeak «sarraskia eragin» dezakeela esateraino aldatu du iritzia.
Serrari hamabi puntutik hamabostera bitartean ateratzen dizkio Rousseffek, azken inkesten arabera, baina munduan katoliko gehien duen herria da Brasil, eta botoak ziurtatzera atera da aita santuak hordagoa bota dionean. «Pertsonalki abortuaren kontra» dagoela esan du, ez diezaiola emakumeen abortatzeko eskubideak presidentetza galerazi; are gutxiago Vatikanoak.
Elizari Gobernuaren egitasmoetan sartzen uzteraino aldatu du iritziz Rousseffek. Brasildarren %60 katolikoak dira, eta %30 ebanjelikoak; hori dela eta, bigarren itzulian atzera egin du kanpainaren hasierako asmoetan. Lehen egunetan osasun publikoa hobetzeko abortua legalizatu beharraz aritu zen. Baina Benedikto XVI.aren adierazpenen ondoren bere biloba besoetan duela agertu da argazkietan.
Gai politikoetan fededunak zentzu moralarekin orientatzeko eskatu zien aita santuak Brasilgo gotzainei Vatikanoan, joan den igandeko mezan. Gaurko botoan eragin nahian, «Jainkoak bizitza politikoan lekua izan behar» duela predikatu zuen; Gotzainei modu zorrotzean zuzendu ere: «Proiektu politikoek abortuaren legalizazioa edota eutanasia modu irekian defendatzen dutenean, gotzainek ez dute bazterketaren beldur izan behar konpromisoa defendatzerakoan».
Brasilen Eliza katolikoak herritar gehienak bereganatzen baditu ere, milioi bat jarraitzaile galtzen ditu urtean, Eliza ebanjelikoaren aldera, eta pobreenak dira batetik bestera doazenak. Marina Silva lehen itzulian botoen ia %20 jaso zuen ekologistak ere azkenera arte eragin du. Abortuari buruzko galdeketa bultzatzearen aldekoa da, baina ebanjelista izanik haren kontrakoiritzia dauka.
Datu adierazgarriak
Gaur egun abortatzeagatik hamar urteko kartzela zigorra jaso dezakete Brasilgo emakumeek, baina hala ere, 40 urtetik beherako bost andreetatik batek abortatu du, Brasilgo Bioetika, Giza eskubideen eta Generoaren Institutuak iaz egindako ikerketaren arabera. Urtean 250.000 ospitalizazio baino gehiago egiten dituzte abortua modu txarrean egiteagatik. Abortatu dutenen %88 kristauak dira.
Debora Diniz ikerketa horren arduradunaren ustez,«eskuinaren ofentsiba izan da, eta fundamentalismo erlijiosoarena, baina emakume horien historia ezin da ahaztu botoengatik». Abortua erdigunean jarrita emakumearentzat oso garrantzitsuak diren beste gai batzuk alboratu dituztela salatu du, besteak beste, politikan parte-hartzea, genero indarkeriaren biktimena, eta lan arloan berdintasunarena.
Hautagaiek, bien bitartean, polemika alboratu nahi izan dute, amaiera egokia emateko kanpainari. Globo telebista kate ikusienaren azken eztabaidan lagunen lagunak direla erakutsiz egin zuten herenegun elkarrizketa Dilma Rousseffek eta Jose Serrak, tonu atseginean, Brasilgo presidentetzarako lehian elkarri egin dizkioten itsuskeriak alde batera utzita. Lehen itzulian Lularen gobernuaren ustelkeria jarri zuen mahai gainean Serrak Rousseffen gehiengo osoa saihestu eta bigarren itzulira joan ahal izateko, eta bigarren itzulian elkarri irainka igaro dituzte egunak, bien biografietako alderik ezkutuenak agerian utziz, Lulak Rousseffen aldeko botoa etengabe eskatu duen bitartean.
Serrari 2002an Lulak lehia irabazi zion, eta Rousseffek irabazten badio 40 urteko politika jarduera azkenera iritsi dela esaten dute adituek. Lularen lorpenak kontuan hartuta gobernatuko zuela esanez hasi zuen presidentetzarako bide luzea, indartsu hasi ere, Rousseffen oso gainetik, baina modu hori defendatuz bere aldeko babesak behera egin zuela ikusita, giro asaldatua eragiteko joerari heldu zion, gaur arte, botere gehiegikeriarekin eta krimen politikoarekin lotutako ustezkoak agerian utzita.
Telebista eztabaidaren parentesiaz gain, ika-mikak azkenera arte iraun du, Brasilgo Hauteskunde Epaitegiak Serrari Twitter bidez akusazio batzuei erantzuteko eskubidea aitortzearekin batera. Lularen aldeko Rui Falcao diputatuak bi adierazpen iraingarri egin dituela iritzi dio epaitegiak, eta diputatuaren beraren blogaren bidez erantzuteko aukera eman. Falcaok iradoki zuen Serraren taldearen telefono mezuetan lotura arraroak daudela, eta haien bidez ekintza kriminaletarako arriskua dagoela.
Abortatzeko eskubideari uko egin dio Rousseffek, Brasilgo presidentetza ziurtatzeko
Lularen ordezkoak Eliza katolikoari eta ebanjelikoari zin egin die ez duela abortua legeztatuko gaur garaile ateratzen bada. Jose Serra oposizioko hautagaiari hamabi puntuko aldea atera dio azken inkestetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu