2012ko azaroaren 14ko greba orokorreko manifestazioan parte hartzen ari zela, pilotakada bat eman zioten begian Ester Quintanari. Zauriaren eraginez, begi bat galdu zuen.
Fiskaltzak bi urteko zigorra eta lau urteko inhabilitazioa eskatu zuen bi akusatuentzat, eta akusazio partikularrak, berriz, bederatzi urteko espetxe zigorra. Bartzelonako Auzitegiak absoluzioa eman die biei.
Bi mosso auzipetu zituen Bartzelonako auzitegiak. Lekukoek azaldu zutenez, auzipetutako bi mossoak besterik ez zeuden liskarrak gertatu ziren eremuan. Epaiketan, Manel Prat Mossos d'Esquadrako zuzendari orokor ohiak onartu egin zuen Kataluniako poliziek eragin ziotela zauria Quintanari. Halere, Pratek argudiatu zuen berak ez zuela onartu gomazko piloten erabilera, eta ez dagoela nahikoa zantzurik jakiteko zer-nolako jaurtigaiak erabili zituzten mossoek, ez eta zein poliziek egin zuten tiro ere.