ERRUSIAKO PRESIDENTETZARAKO BOZAK

Abstentzio handiaren arriskua da gaur Putinen areriorik serioena

Balio izateko, Presidentetzarako hauteskundeetan hautesleen %50ek baino gehiagok eman behar dute botoa; hori dela eta, Putinek berak zein agintari erlijiosoek bozketan parte hartzeko eskatu deiete herritarrei

Erredakzioa
2004ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Azken lau urteotan Errusiako presidente karguan egon den Vladimir Putin da erabateko faboritoa gaur egingo diren Presidentetzarako hauteskundeetan. Bozketa hauetan beste bost lehiakide dauden arren, orain arteko inkestek boto asmoen %70 inguru ematen dizkiote Putini. Jarduneko presidentearentzat, areriorik serioena abstenzio handiegia izango litzateke, zeren eta Presidentetzarako bozek, baliorik izatekotan, hautesleen %50ek parte hartu behar baitute.

Putinen aurka lehiatzen diren beste bost hautagaiek, hots, Sergei Glaziev ezkerreko nazionalistak, Irina Khakamada liberalak, Nikolai Kharitonov komunistak, Sergei Mironov Senatuko presidenteak eta Oleg Malishkin eskuineko ultranazionalistak bakoitzak botoen % 10 ere ez dituztela eskuratuko iragartzen dute inkestek. Horiek hala, Putinek aurreko hauteskundeetan lortu zuen emaitza botoen %52,5 nabarmen gainditu dezake.Alabaina, iragarritako garaipen zabal hori bera izan daiteke kaltegarri Putinentzat, abstenzioa %50ekoa baino handiago izango balitz. Errusiako politikagintzaren behatzaileen ustez, ez dahorrelakorik gertatuko, Errusiako hautesleak ohituta baitaude Presidentetzarako bozketetan Duma-ko (Legebiltzarra) hauteskundeetan baino gehiago parte hartzera. Duma-rako azken bozak iragan abenduan egin zituztenean, parte-hartzea %56 ingurukoa izan zen.

Hedabideak Putinen menpe daudela salatu du OSCEk

Hala eta guztiz ere, abstenzio handiegiaz kezkatuta dago Putin. Joan den ostegunean, telebista publikoan egindako agerraldian, «herritar bakoitzaren botoak sekulako garrantzia dauka» adierazi zuen jarduneko presidenteak.

Ofizialki, presidenteak ez du kanpainarik egiten, baina denen agerian geratu da hedabide handi gehienak Putinen zerbitzurako jarri direla, eta hala salatu zuten herenegun elkarrekin egindako agerraldian Glaziev, Khakamada eta Kharitonov Presidentetzarako hautagaiek. Adibide gisa, Putinen aurka lehiatzen diren hiru hautagai horiek gogorarazi zuten Putin telebistan luzaz mintzatu zela herenegun bertan, errusiarren erretiro pentsioak datorren apirilean emendatuko direla iragartzeko. Oposizioak «Hauteskunde Legearen ikaragarrizko urratzea» salatu dutelarik, Europan Segurtasun eta Kooperaziorako Erakundeak (OSCE) ere «jarduneko presidentearen mesederako hedabideen jarduera» eta «komunikabide kritikoen erabateko ausentzia» kritikatu du, aste honetan plazaratutako agiri batean. Adituen arabera, egoera hau ez zaie horren ezohikoa errusiarrei. Hala, Levada inkesta etxe independenteko gizarte ikertzaile Alexei Levinsonek dioenez, «jendea Sobiet Batasunaren garaiko hedabideekin ohituta dago; Putinekin, berriz, ohitura hartua daukate Gobernuak beti arrazioa duela entzuten». Boris Kagarlitski politika aztertzailearen iritziz, berriz, «hedabideek galdu dute 1980ko hamarkadaren hasieran zeukaten eragina; orduan ere, gezurretan ari ziren baina bazen halako aniztasun egoera bat gezurrean; egun, Estatuak du hartua gezurraren monopolioa».

-

TXETXENIA



 

Hiriei erasotzeko mehatxua





Txetxenian Errusiako Armadaren kontra borroka gogorra daramaten gudukari independentistetatik batek, Abdul Ualidek, ohartarazte argi bat zuzendu zien atzo Errusiako herritarrei, hots, botoa gerraren alde azaldu diren hautagaiei emanez gero euren hirietan bertan lehergaiek eztanda egingo dutela.

Egoitza Qatarren duen Al Jazeera arabiar telebista kateak atzo zabaldu zuen elkarrizketa batean, Abdul Ualidek Ðjatorri arabiarrekoa da beraÐ zera zioen: «Gure erasoei ekin baino lehen, zorrotz begiratuko dugu Errusiako herritarrek gure herriaren aurkako gerraren bultzatzaile direnen aldeko botoa eman duten edo ez; alabaina, gerraren alde den bat aukeratzen baldin badute Errusiako herritarrek, orduan, gure aurkaritzat hartuko ditugu, eta euren herrietan bertan egingo genieke eraso». Ualidek gaineratu zuenez, «Errusiako Armadak milaka bonba jaurtitzen ditu bere helikopteroetatik, eta herritarerrugabeak hiltzen; horiek hala, Jainkoak hala nahi baldin badu, bonba horiek errusiarrei beraiei bueltatuko dizkiegu, eta euren hirien erdian zartaraziko ditugu».Txetxeniako herritar gehienak musulmanak dira. Horiek horrela, Errusiako jarduneko presidente Vladimir Putinek sinetsarazi nahi du Txetxeniako gerra «nazioarteko terrorismoaren kontrako gerra» dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.