Hauteskunde kanpaina amaitu da, eta gaur da eguna milaka eta milaka europarrek, eta, horien barruan euskal herritarrek, Europako Legebiltzarrerako diputatuak aukeratzeko botoa emateko. Hala ere, orain arte ez da hauteskunde girorik sumatu, ez hautesleen artean eta ezta hautagaien artean ere. Hauteskunde kanpainak iraun duen hamabost egunean apenas ikusi den botoa eskatzen zuten kartelik kalean, panel asko hutsik izan dira, eta mitin eta ekitaldi politiko jendetsurik ere ez da izan. Oraindik badago igande honetan hauteskundeak direla ez dakienik ere. «Hauteskundeak al dira, bada?», galdetzen du batek baino gehiagok, paneletan bakarti ageri diren kartel horietako bat ikusterakoan.
Europako hauteskundeetan abstentzioa ikaragarri igotzen da, beste hauteskundeekin alderatuta. Antza denez, ez Euskal Herrian ez Europako Batasunean ez dute interes handiegirik eragiten hauteskunde hauek. Betidanik erronkatzat jo dute abstentzioa jaistea, baina joera alderantzizkoa da, eta erronka horri aurre egiteko modua ez da erraz gaindituko. Frantziako Estatuan, esaterako, inkestek diote abstentzioa %53koa Ð1999ko abstentzioaren datuaÐ baino altuagoa izan daitekeela; eta Espainian, berriz, abstentzioa %50 inguruan kokatzen dute. Erresuma Batuan, Irlandan eta Herbehereetan jadanik egin diren hauteskundeetako lehen datuen arabera,parte-hartze eskasa baieztatzen da (%50tik behera), duela bost urte baino pixkat handiagoa izan arren.Hego Euskal Herriari dagokionez, Europako azken hauteskundeetan, 1999koetan, abstentzioa %35,3koa izan zen. Nahiko parte-hartze handia dela esan daiteke. Hala ere, oso gogoan izan behar da hauteskunde horiekin batera, udal eta foru hauteskundeak ere egin zirela, eta horrek boto-emailea hautestontzietara gerturatzea errazten du.
Beheranzko joera
Izan ere, Hego Euskal Herrian 1987tik lau aldiz egin dira hauteskundeak Europako Parlamenturako diputatuak aukeratzeko; horietako bi Ð1987 eta 1999Ð udal eta foru hauteskundeen egun berean egin ziren, eta beste bietan Ð1989 eta 1994Ð soilik Europarako botoa eman behar zen. Datuak begiratzea besterik ez dago Europako hauteskundeek mobilizazio ahalmen urria dutela antzemateko. Udal hauteskundeekin batera egin ziren Europako hauteskundeetan abstentzioa %31,6koa (1987) eta %35,3koa (1999) izan zen; beste bietan, berriz, %40ko abstentzioa erraz gainditu zen: 1989an %41,7koa izan zen eta 1994an %47,5ekoa.
Datuei erreparatuta, beheranzko joera hori konstantea dela ere ikus daiteke. Izan ere, udal eta foru hauteskundeekin batera egindako hauteskundeetan parte-hartzea txikiagoa izan zen 1999an 1987an baino; eta, udal eta foru hauteskundekin batera egin ez zirenetan gauza bera gertatu zen, jende gutxiagok bozkatu zuen 1994an 1999an baino.Iparraldean ere beheranzko joera hori nabermentzen da. Azken bi hauteskundeetako datuei erreparatuz gero, 1994an %52,9ko parte-hartzea lortu zen arren, bost urte geroago lau puntu jaitsi zen parte-hartzea. Litekeena da aurten beheranzko joera hori berrestea, ikusirik nola Iparraldean Europako hauteskundeek izan duten oihartzun txikia.
Abstentzioaren eragina diputatuak lortzerakoan
Abstentzioaz ari garela, argi dago horrek eragin zuzena duela diputatu bat lortzeko behar den boto kopuruan. Izan ere, parte-hartze handia denean, boto gehiago behar dira; eta hautesle-poltsa txikiena duten alderdiak, alderdi txikiak, ateratzen dira galtzen. Izan ere, diputatua lortzeko askoz ere boto gehiago behar dituzte, eta alderdi txikien boto-emaile posibleak gutxiago dira. Hego Euskal Herriari dakionean, gainera, Europako hauteskundeetan barruti bakarrean jokatu behar dute alderdi abertzaleek, eta milioika boto lortzen dituzten PP eta PSOE alderdiekin lehiatu behar dira.
Bestalde, abstentzioa handia izanda ere, alderdi txikiek badute aurtengo hauteskundeetan desabantaila txiki bat. Izan ere, banatu beharreko eserleku kopurua txikiagoa da Europako estatu guztietan, EBn 10 kide berri sartu direlako. Espainiako Estatuan, esaterako, 10 diputatu gutxiago hautatuko dira, Frantziakoan 9 gutxiago.
EUROPAKO LEGEBILTZARRERAKO HAUTESKUNDEAK
Abstentzioa etsai
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu