EUROPAKO LEGEBILTZARRERAKO HAUTESKUNDEAK

Abstentzioa, nagusitasun osoz

Parte-hartze eskasa, %45 ingurukoa, euroeszeptizismoaren igoera eta eskuinaren garaipena dira bozetako ezaugarri nagusiak; horiei erantsi behar zaie Alemania, Frantzia, Erresuma Batua eta Irlandako gobernuek hartutako egurra

2004ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Herritarren interes falta eta esku-hartze eskasa izan dira herenegun arte Europako Batasuneko 25 estatu kideetan egin diren Europako Legebiltzarrerako bozen ezaugarri nagusia. Hori eta eskuinaren garaipena, joera euroeszeptikoaren areagotzea eta hainbat gobernubururen alderdiek hartutako egurra. Nabarmentzekoa da estatu kide berrietan izan dela altuen abstentzioa.

Europako Alderdi Popularrak eskuratu du diputatu gehien : 276. Ondotik geratu dira, hurrenez hurren, Europako Alderdi Sozialista (200), Europako Liberal Demokrata Erreformisten Alderdia (66), Berdeak (42), Europako Ezker Batua (39), Nazioen Europaren aldeko Batasuna (27) eta Demokrazien eta Berezitasunen Europa (15) . Horietaz gain, Europa mailan talde batean bildu gabeko alderdien ordezkariek 67 aulki lortu dituzte.Nolanahi ere, abstentzioa parte-hartzea baino handiagoa izan da; EBn, batez beste, %45,3koa izan da esku-hartzea, eta Batasunean sartu berri diren ekialdeko 10 estatuetan %26,9koa soilik. Kontuan izan behar da abstentzioa handiagoa izan zitekeela, lau estatutan Belgika, Luxenburgo, Grezia eta Zipre bozkatzea derrigorrezkoa ez balitz.

Lortutako emaitzei esker, Europako Alderdi Popularra da Legebiltzarreko presidentetzarako aukera gehien duen taldea, baita Europako Batzordea gidatzeko ere. Taldeko presidente Wilfried Martensek zera nabarmendu zuen atzo: «Bi presidenteon izendatzea Legebiltzarrean onartu beharra dagoenez, funtsezkoa da talde nagusia ados egotea hautagaien inguruan».

Abstentzioaz gain, euroeszeptikoen igoera ere kolpe handia izan da EBn sinesten dutenentzat. Euroeszeptikoek 30 bat diputatu lortu dituzte; gehienak Europako iparraldeko estatuetakoak dira, baina baita ekialdekoak ere. Ildo horretan, nabarmentzekoa da UKIP Erresuma Batuaren Independentziaren Alderdiaren emaitza: 15 aulki. UKIPen xede nagusia Erresuma Batua EBtik ateratzea da.Euroeszeptikoen artean, eskuin muturrak emaitza onak erdietsi ditu, eta bost estatutako diputatuak bilduta 19 lortuz gero, talde parlamentarioa osatzeko aukera izango du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.