Protestak herrialde arabiarretan

Abu Salim, sarraskien ikurra

Iragan igandean, hobi komun bat aurkitu zuten Tripoliko Abu Salimgo espetxean. Muammar Gaddafiren erregimeneko ikurrik ilunenetako bat bisitatzeko aukera izan du .

Preso ohi bat, Tripoliko Abu Salim espetxearen barruan. KARLOS ZURUTUZA.
2011ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Erraza zen Abu Salim bisitatzea duela hiru aste. Muammar Gaddafiren bunkerrean gertatu bezala, jende ugari bertaratzen zen Tripoli kanpoaldeko espetxe famatura. Ez zen gidaririk behar hura bisitatzeko: sarreran agertu bezain laster, libiarren batek pozarren laguntzen zuen presondegi barrualdera. Mohamed Hammudak hiru urte eman zituen preso han. Erreboltariek Tripoli mendean hartu ostean aske atera zen, abuztuaren 25ean.

Galeria eta pasabide ugari isiltasunean zeharkatu ditugu berarekin. Bere ziegarako bidean, era guztietako oroigarriek piztu digute arreta: kartzelarien uniformeak nahiz presoenak, azken horien senideen argazkiak, ateetako giltzak… Hammuda bere gelara iristean baino ez da hizketan hasi: «30 bat lagun izaten ginen hemen. Batzuetan gutako bat torturatzeko hartzen zuten edo, besterik gabe, beste ziega batera eramaten zuten», dio Hammudak. Gazteak kartoi ontzi batez egindako abaniko bat hartu du lurretik. Urik ezak eta beroak amaiezinak bihurtzen zituzten egunak. Gauak, baina, ez omen ziren hobeak. «Txandaka egin behar izaten genuen lo, ez baitzegoen denok etzateko tokirik»

Pilaketa zen nagusi Abu Salimgo ziegetan. Baina, antza, bakartutako presoak ere ba omen zeuden. Haietako batek elastikoz eta kuxinez egindako txotxongilo bat izan omen zuen solaskide bakarra. Zabor artean aurkitu dugu. Preso hura nor ote zen ezin jakin, baina baliteke Mathew Van Dyke bera izatea. Kazetari estatubatuarra martxoan harrapatu zuten Bregan (Libia ekialdean) eta sei hilabete eman zituen preso. Azken biak Abu Salimen, erabateko isolamenduan. «Ez duzu inoiz Amerika berriro ere ikusiko», esan omen zioten Van Dykeri bere kartzelariek. Oker zeuden.

Amesgaiztoko sotoa

Abu Salimgo heriotzaren pasabidea erraz bereiz daiteke besteetatik. Hango presoen uniforme gorriek grisaren monotonia hausten dute, lurretik edo ateetatik zintzilik. Beren jabeak bost metro koadroko ziega horietan zeuden, heriotzaren zain. Jainkoa, lagun nazazu, idatzi zuen batek paretan, plastikozko botilen tapoiekin, hain justu. Beste galerietan ez bezala, egutegi gutxirekin egin dugu topo hemen.

Heriotzaren pasabidean ere, eskuz egindako ingelesa-arabiera hiztegi bat aurkitu dugu lurrean. Argi dago etorkizunerako inbertsio modura baino ordu amaigabe haiek jasateko erabiliko zuela bere jabeak. Paradoxa bada ere, ingelesa ikasteko ehunka liburu zeuden Abu Salimen; English for Libya zuten izena presoei inoiz banatu ez zitzaizkien aleek. Horiexek, eta presoek inoiz bisitatu ez zuten dentistaren gela ziren, besteak beste, hango arduradunek saldu nahi zuten Abu Salimgo irudia. «Al Kaedako terroristak, separatista berbereak edo atzerriko ajenteak izan arren, tratu duina jasotzen dute denek Abu Salimen». Horixe zen Gaddafiren mezua.

Espetxe azpiko gela ilunetan, ordea, amesgaiztora bueltatu gara. Elektrodo kableak topatu ditugu lurrean, lehortutako odol-putzuen artean. Gela berean, honako hau entzun dugu burnizko egitura baten alboan: «Hemen lotzen gintuzten, biluzik, hankak eta besoak zabalik. Egun oso batez eduki ninduten honela, ostikoka. Al Kaedako kide nintzela aitortuz gero, aske utziko nindutela esaten zidaten», gogoratu du 50 urteko Kemal Aslamik, emozioak menderatu ezinik. «Nola egin dakioke honelakorik pertsona bati? Nork, zerk eman dizu hori egiteko eskubidea?», dio preso ohiak, negarrez, super 8 zinta bat lurretik hartu ostean. «Torturaren testigantza grafikoa baldin bada, Gaddafiren epaiketarako froga gisa aurkeztuko dut».

Sarraskia gogoan

Janaririk eta urik ezak, pilaketak eta tortura bortitzek matxinada bat piztu zuten 1996ko uztailaren 28an. Presoen eskaerak onartuko zituztela esan ondoren, kartzelariek patio batean bildu zituzten matxinoak. Esku-bonba baten leherketak hasiera eman zion Abu Salimgo sarraskiari. Tiroketak luze jo omen zuen gero; 1.270 lagun akabatzea ez da berehalako lana.

Hildakoen familiek ez zuten horren berri izan, eta urteak eman zituzten senideei gutunak eta janaria bidaltzen Abu Salimera. Jakina, bisitak debekatu ziren 1996az geroztik. Bada, familia horiek izan ziren iragan otsailean Bengazin protestan atera ziren lehenak. Euren abokatua aske uzteko eskaera xumeak bide eman zion Gaddafi gobernutik botako zuen oldarraldiari.

Hamasei urte beranduago, familiok badakite egia. Hori gutxi ez, eta herenegun deskubritu zuten gorpuen kokapena. Antza, lehendabiziko lau urteetan presondegi barruan hilobiratu zituzten, eta kanpoaldera eraman zituzten arrastoak gero. Sarraskiaren patio inguruan, ordea, alferrik bila daiteke erantzunik gaur. Hormak eta lurra aspaldi konpondu eta zuritu zituzten. Abu Salimgo beste bazterretan ez bezala, hemen ez dago indarkeriaren arrastorik; ez bala zulorik, ez odol putzurik. Lurrean botatako ehunka plastikozko botila dira norbait hemen izan zen seinale bakarra. Hildako bakoitzeko bat, agian.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.