ASIAKO ITSASIKARA. INDONESIA

Acehn larrialdi egoera ezartzea aztertzen ari da Indonesia

Asiako hegoaldeko herrialdeen pobrezia bukatzeko eskatu du Oxfamek; gaur hiru minutuko isiltasuna egiteko eskatu du EBk

arantxa elizegi egilegor
2005eko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Aceh eskualdean urtebeteko larrialdi egoera ezartzeko asmoa agertu zuen atzo Indonesiako Gobernuak. Horren ostean, lau urte iraungo duen berreraikuntza plana jarriko dute abian. Egitasmoaren lehen helburua oinarrizko beharrak asetzea litzateke, eta ondoren, azpiegiturak berreraikitzea. Hala ere, aukeraz baliatu eta herrialde horietako pobreziarekin bukatzeko eskatu zion atzo nazioarteari Oxfam giza eskubideen aldeko nazioarteko erakundeak.

Itsasikarak aurreikusteko sistema eta giza laguntza izango dira bihar Jakartan egingo den nazioarteko bilerako gai nagusiak. Ed Caims Oxfameko kidearen esanetan, diru laguntza erabaki aurretik aukeratu egin behar da: «Lehengora itzultzeko adinako laguntza soilik emango diete? Itsasikarak saihesteko sistemak izango du lehentasuna? Edo pobrezia gainditzen lagundu eta euren bizi baldintzak hobetuko dituzte?». Nazioarteak epe luzerako laguntzak aurreikusi behar dituela gaineratu zuen Caimsek.Jan Egeland Nazio Batuen Erakundeko Giza Laguntzarako idazkariordea kezkatuta agertu zen atzo. Hilabete batzuk igaro ostean, diru emaileek gertatutakoa ahaztu eta laguntza etengo duten beldur dela esan zuen. «Tsunami-ek kaltetutako bost milioi pertsonei laguntzeko ez dugu zalantzarik egin. Baina zer gertatzen da ahaztuta ditugun, eta beharrez dauden beste milioika pertsona horiekin?», nabarmendu zuen.

Uste baino gehiago

Birmaniako hildakoak ehunka izan daitezkeela esan zuen atzo Munduko Elikagai Programak (WFP). Erakundearen arabera, 200 etxetan gutxienez pertsona bat dago desagertuta, abenduaren 26az geroztik. Birmaniako Gobernuaren arabera, 53 pertsona hil eta beste 21 daude desagertuta.

WFPk ez ezik, Nazioarteko Gurutze Gorriak eta Mugarik Gabeko Medikuek ere kaltetuak gehiago direla uste dute. Horien ustez, 30.000 birmaniar inguru daude edateko uraren, elikagaien eta botiken beharrean.Itsasikararen biktimei laguntzeko larrialdiko plana deitu zuen atzo Errefuxiatuen Laguntzarako Nazio Batuetako Batzordeak. Egitasmoak sei hilabete iraungo du eta Sri Lanka eta Indonesiako errefuxiatuei laguntzea izango du helburu. Horretarako 56 milioi dolar inguru beharko dituztela iragarri zuen atzo batzordeko buru Ruud Lubbersek. Bestalde, hegazkinak, helikopteroak, itsasontziak eta kamioiak behar dituztela esan zuen atzo Giza Laguntza Koordinatzeko NBEko Bulegoak. Alferrikako tresnarik ez bidaltzeko eskatu zien herrialde emaileei Isabelle de Muyser Boucher erakundeko logistikan adituak: «Horrek ez du laguntza oztopatzeko bestetarako balio».

Arazo psikologikoak

Gutxienez, 50.000 adingabe hil zirela esan zuen atzo Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Fondoak (Unicef). Hori dela eta, seme-alabak galdu dituzten milaka gurasok arazo psikologikoak dituztela esan zuten adituek. «Askok seme edo alaba bat hiltzen utzi dute, bestea salbatzeko», azaldu zuen Linda Lam Hong Kongeko Unibertsitateko psikologia irakasleak. Guraso asko bere buruaz beste egiten saiatu direla gaineratu zuen Lamek.

Bestalde, Acehko aireportu nagusia 15 orduz itxita egon zen atzo, hegazkin batek istripua izan zuelako. Horretaz gain, Thailandiako Meteorologia Departamenduko burua kargutik kendu zuen Jakartak. Itsasikararen berri izan eta inori ezer ez esatea leporatu zioten. Olatuak hain handiak izango zirela jakitea ezinezkoa zela argudiatu zuen Meteorologia Departamenduak. Europako Batasunak hiru minutuko isilunea deitu du gaur eguerdirako, itsasikaran hildakoen omenez.

-

Diru emaile nagusiak





Japonia: 500 milioi dolar eta larrialdietarako 120 langile bidali ditu Asiara.

AEB: George Bushen gobernuak 350 milioi dolarreko laguntza eta 12.500 soldadu bidali ditu.

Munduko Bankua: 250 milioi dolar eman ditu oinarrizko beharrak betetzeko.

Norvegia: 182 milioi dolar eman ditu Oslok.

Asiako Garapenerako Bankua: 175 milioi dolar emangodituzte Indonesian, Sri Lankan eta Maldivetan martxan dauden programetarako. Aurrerago beste 150 milioi dolar emango ditu.

Erresuma Batua: Diru laguntza 90 milioi dolarrekoa da, baina, horretaz gain, hegazkinak ere bidaliko dituzte.

Italia: 95 milioi dolar eta auzitegiko medikuak bidali dituzte.

Suedia: 80 milioi dolar.

Europako Batasuna: 31 milioi dolarreko laguntza iragarri duten arren, kopuru hori handitu litekeela esan dute.

Herrialde pobreenak: Beslanek (Errusia) 36.000 dolar iragarri ditu. Mozambikek, herrialderik pobreenetariko batek, berriz, 100.000 dolar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.