katalunia

Ada Colauk aurrea hartu dio CiUri Bartzelonan

CUP hiriburu guztietako udaletara sartu da.

Colau, garaipena ospatzen. ALBERTO ESTEVEZ, EFE
Samara Velte.
2015eko maiatzaren 25a
08:29
Entzun

Katalunian, hiriburuak sortu du ikusmin handiena. Hainbat herri mugimendu eta ezkerreko talde batzen dituen Barcelona en Comu koalizioa nagusitu da Bartzelonan, eta aurrea hartu dio Xavier Trias orain arteko alkateari. Botoen %99 zenbatuta, %25 eta 11 zinegotzi lortu ditu, CiUk baino bakar bat gehiago. Hark lau zinegotzi galdu ditu aurreko legegintzalditik; hiru puntu geratu da Colauren atzetik.

Bi koalizioek lehia estua izan dute azken unera arte, eta bi alkategaiek onartu dute ez direla gobernatzen ahaleginduko besteak boto gehiago lortzen baditu. Nolanahi ere, Colauk aliantzak bilatu beharko ditu udalean gobernatzeko. Gehiengo osora heltzeko, gutxienez beste bi alderdirekin egin beharko ditu itunak; eta, indarren banaketa ikusita, ERC (%11, bost zinegotzi), PSC (%9,69, lau) eta CUP (%741, hiru) izan litezke haren kide.
Triasen aurretik 30 urtez agintean egondako PSC Kataluniako Alderdi Sozialistak izugarrizko gainbehera izan du: 11 zinegotzitik zazpi galdu ditu. PPri ere hiru baino ez zaizkio geratu lehen zeuzkan bederatzietatik; eta, ostera, Ciutadans sartu da indar handiarekin. Bost zinegotzi lortu ditu hiriko udalean.

CUP ezkerreko hautagaitza independentista ere aipatzekoa da. Udaletan aurkeztu ohi den arren, azken urteotan parlamentuan jokatutako rolak saria ekarri dio, eta inoizko emaitza onenak jaso ditu. Indarrez sartu da hainbat udalerri esanguratsutan, eta hiriburu guztietan lortu ditu zinegotziak: Bartzelonan, hiru; Gironan, lau —bigarren lekuan geratu da, ERCk eta PSCk bezainbeste lortuta—; eta Tarragonan eta Lleidan, bina. Bergan (17.000 biztanle) alderdi nagusia izan da, eta eutsi egin die lehendik zeuzkan bi alkatetzei.

Independentistak pilatzen

Ustez irailean izango diren hauteskunde plebiszitarioen «lehenbiziko itzuli» bihurtu nahi izan dituzte atzoko bozak Kataluniako erakunde independentista nagusiek. Alderdi subiranistek ere kontuan izango dituzte emaitzak eta batuketak irailerako hautagaitzak aurkezterakoan. Boto gehienak zenbatuta zeudela, independentziaren alde agertu izan diren alderdiek —CiU, ERC eta CUPek— %44 zeuzkaten; ez gehiengo osora heltzeko adina, baina bai PSCk, PPk eta Ciutadansek batuta baino hamabi puntu gehiago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.