Adengo Golkoan bi ontzi hondoratu, eta gutxienez 83 etorkin hil dira

Hildako immigrante gehienak etiopiarrak zirela jakinarazi dute, eta tartean umeak eta emakumeak zeudela

Erredakzioa
2011ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Adengo Golkoan urteko aurreneko heriotzak izan dira, baina ez dira bakarrak izango; Yemengo kostaldera iristeko saioa egiten duten dozenaka eta dozenaka immigrante hiltzen baitira urtero itsasarte horretan. Somaliatik ateratako bi ontzi hondoratu dira azken orduetan golkoan. Igandean, 46 lagun zeramatzan ontzia urperatu zen; orotara, 43 etorkin hil ziren, eta beste hiru bizirik atera zituzten —somaliarrak ziren—. Yemengo Taez eskualdeko itsasbazterrean hondoratu zen ontzia.

Lahij eskualdeko itsasaldean, berriz, beste ontzi bat hondoratu zen atzo. Yemengo Barne Ministerioak jakinarazi zuenez, 40 bat lagun zihoazen ontzian; gehienak, etiopiarrak; eta, tartean, umeak eta emakumeak zeuden. Antza denez, itsaso handiak eragin du bi ontziak hondoratzea.

Afrikako bazterretako milaka eta milaka etorkin saiatzen dira urtero itsasartea zeharkatzen. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren arabera, duela bi urte, 590 immigrante hil eta beste 359 desagertu ziren zeharkaldian. Somaliatik,Djibutitik eta Eritreatik ateratzen dira ontziak, eta itsasartetik gorago ere egiten dute askotan ontziek; Itsaso Gorria zeharkatzen saiatzen dira horrelakoetan immigranteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.