Turkiak etorkizunean dituen erronketarako —Europako Batasunean sartzea da bat—, hango legebiltzarra da eztabaida eta erabakigune garrantzitsuena Europako Batzordearen ustez, eta hori dela eta, egoera aldatu beharko da Turkian. Maja Kocijancic batzordeko atzerri gaietarako eledunak hori esan du, etaegoerarekin «kezkatuta» dagoela, Kongresuaren funtzionamendu egokia «zalantzan» jarri dutelako azken gertaerek, oposizioaren boikota eragindakoek, hain zuzen ere, eta Turkiako Legebiltzarraren «osotasuna errespetatzeko» galdegin dio Recep Tayyp Erdogan lehen ministroaren gobernuari. «Alde guztiek bermatu behar dute parlamentuaren funtzionamendua», eta hainbat legebiltzarkide espetxean egoteak ez du horretan laguntzen.
Haren ustez, gainera, «pertsona batzuk denbora gehiegi izaten dituzte atxilotuta epaiketaren zain, edota adierazpenengatik kondenatzen dituzte». Gertaera horiek oinarrizko eskubideak urratzen dituztela nabarmendu du, hala nola adierazpen askatasuna edota berme judizialak, eta kurduen kasuan horiek «askotan» urratzen dira.
Egoeraren aurrekariak
CHP Herriaren Alderdi Errepublikanoko kideek ez zuten zin egin legebiltzarraren osaeran, ekainean, hainbat legebiltzarkide espetxean daudelako —CHPko bat horien artean—, eta BDP Bakearen eta Demokraziaren Alderdi kurduko diputatuak ez ziren joan ere egin. BDP Bakearen eta Demokraziaren Alderdi kurduak 35 eserleku lortu dituzte iragan hauteskundeetan, baina YSK Hauteskunde Batzorde Gorenak BDPko sei diputaturi hala nola CHPkoari dagozkien aulkiak betetzea eragotzi die kartzelan egoteagatik, nahiz eta legez dagokien immunitatea eta aulkia.
Recep Tayyp Erdogan lehen ministroa gehiengo osoz aukeratu dute oraintsu —ezberak nahi zuen gehiengo kualifikatuz—, eta Legebiltzarrean edozein erabaki hartzeko adina indar duela esan du, oposizioak edozer egiten duela.
Adierazpen askatasuna bermatzeko eskatu dio EBk Ankarari
Turkiako Parlamentuko oposizioaren boikota eragin duen giroa kezkagarria dela uste du Europako Batzordeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu