ZIMBAWE

Adiskidetze nazionaleko gobernuaren aukera errefusatu du Mugabek

Legebiltzarrerako hauteskundeetan izandako parte-hartze handia nabarmendu du oposizioak, eta indarkeriazko zenbait gertakari salatu

Erredakzioa
2005eko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Legebiltzarrerako bozak egin zituzten atzo Zimbawen, eta itxura guztien arabera, parte-hartze handia izan zen. Hala nabarmendu zuten zenbait komunikabidek eta MDC Aldaketa Demokratikorako Mugimenduak (oposizioa) ere. Bozkatzerakoan ZANU-PF Zimbaweko Batasun Nazional Afrikarra-Fronte Patriotikoaren buruzagi eta herrialdeko presidente Robert Mugabe eta MDCko buru Morgan Tsvangirai baikor agertu ziren garaipena eskuratzeko aukeraz. Nolanahi ere, oposizioak esan zuen ez zirela hauteskunde «erabat libre eta bidezkoak» izan.

Mugabek atzo errefusatu zuen bozen ondoren adiskidetze nazionaleko gobernua osatzeko zeinahi saio, eta honelako metafora erabili zuen ukazio hori azaltzeko: «Futbol partida batean inoiz ez duzu espero talde irabazleak saria galtzailearekin partekatzea». Herenegun bertan behera utzitako legebiltzarrean 62 diputatu izan ditu Mugaberen ZANU-PFk, 57 MDCk eta bakarra alderdi txiki batek. Halere, 62 horiei beste 30 erantsi zizkion presidenteak, bere gustukoak izendatzeko ahalmena ematen baitio legeak. Atzo ia sei milioi zimbawetarrek zuten legebiltzar berria hautatzeko aukera, 2000n gauzatutako mapa politikoa berretsi edota aldatzeko. Bozak irabazteko 76 diputatu lortu beharko ditu MDCk, eta ZANU-PFk soilik 46, oraindik presidenteak izenda ditzakeen beste 30 diputatu eskuratzekoa delako.Oposizioko buruak, berriz, bozak libre eta bidezkoak izango ez zirela iragarri arren, horietan esku hartzea erabaki zuen, baita garaile izateko itxaropena agertu ere. «Jendeak gaur [atzo] hitz egingo du eta emaitza MDCren garaipena izatea espero dut», adierazi zuen.2000n Legebiltzarrerako eta 2002an presidentetzarako eginiko bozetan ez bezala, oraingoan ez kanpaina ez bozketa eguna ez dira odoltsuak izan. Edozein modutan, MDCk salatu zuen zenbait indarkeria gertaera izan zirela han-hemenka. MDCko kanpaina arduradun Lucia Matidengak esan zuen «espero bezala» boto emaile askori ez zietela bozkatzen utzi, baina halere pozik zeudela parte-hartze handiarekin. Lehen emaitza ofizialak gaurtik aurrera hasiko dira hedatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.