AEB. OSASUN ERREFORMA. Osasunak negozio izaten jarraituko du

Sistema berria indarrean sartzen denean, osasunaren inguruko industriak 32 milioi bezero gehiago izango ditu AEBetan.

2010eko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Aukera publikoa baztertu zutenetik, AEBetako telebista kateetan osasun erreformaren aldeko iragarkiak agertu dira. Farmazia enpresek ehun milioi dolarreko inbertsioa egin dute. Alabaina, ez da ekimen politikoa izan, are gutxiago altruista. Orain arte osasuna negozio izan bada aurrerantzean ere negozio izaten jarrai dezakeela ohartu direlako egin dute lege proiektuaren alde botika industriak. Proiektutik lege arterakoak luzeegi jotzen dutenean gertatzen dira halakoak, nolanahi ere; egitasmoa eragin zuten asmoak proiektu moldatuari egindako moldaketaren batean galtzen direnean, hain zuzen. Hala, osasun sistema publikoa oraindik aukera serioa zenean, farmazia enpresak eta aseguru etxe pribatuakerreformaren aurka ziren. Osasun sistema aldatuta euren negozio bolumena handitu litekeela ohartzean, baina, botika industriak erreformaren aldeko kanpainari ekin dio.

Ordezkarien Ganberak onartu berri duen sistema indarrean sartzen denean, osasunaren industriak 32 milioi bezero gehiago izango ditu -AEBetan osasunaren arloan industria eta bezero hitzak erabiltzea baleko da oraindik-. Horrek esan nahi du beste bi milioi estatubatuarrek sinatuko dutela aseguru kontratua, eta ospitalean egindako egonaldia eta kontsulta orduak ordaindu ahal izango dituztela ondorioz, eta errezeta bidez eskuratuko dituztela botikak.

Ospitale pribatuak, botika industria eta aseguru etxeak toki onean utziko ditu osasun erreformak. Bestela lirateke gauzak aukera publikoak bere bidea egin izan balu; aseguru etxeak eta osasun sistema publikoa elkarren lehiakide izango lirateke, merkatua banatu beharko lukete.

Arriskua aseguru etxeentzat

Ospitaleak eta botika industria dira ongien atera direnak. Aseguru etxe pribatuek, aldiz, egoera berrira moldatu bitartean ahaleginak egin beharko dituztela diote adituek. Kontratazio arloko hutsune asko ditu oraindik erreformak, banako pertsonekin etaenpresa txikiekin egiten diren kontratuei dagokienez, bereziki -halako kontratuen bidez lortzen dute aseguru etxeek irabazi gehien-. Dena dela, txarrak baino onak gehiago dira aseguru etxeentzat ere. Izan ere, aspaldion kontratazioak beheranzko joera hartua zuen; erreformari esker, ez atzera ez aurrera zegoen egoera gainditu eta sistema berriak kontratazioa sustatuko duela espero da: hamasei milioi lagunek sinatuko dute aseguru etxeren batekin estaldura kontratua.

Osasun erreformak kezka gutxiago eragin beharko lituzke ospitale pribatuetan. Izan ere, osasun asegurua dutenen herritarren kopurua handitu ahala euren zerbitzuak ordaintzen ez dituztenen kopurua murriztu egingo da, ezinbestean. Hainbat kasutan, mediku tratamendua ordaindu ezin duten gaixoak artatu behar izaten dituztelako, ospitale pribatuek hainbat galera jasaten dituzte. Bada osasun erreformak galera horiek murrizten lagunduko du.

Haatik, adituen arabera, Medicaid programarekin bat egiteko baldintzak malgutzen dituztenean bestelako eragina izango du erreformak. Medicaidek hainbat osasun zerbitzu eskaintzen ditu 65 urtetik gorakoentzat. Baina haiek artatzeagatik gainontzeko gaixoak zainduz baino diru gutxiago biltzen dute ospitaleek.

Dena dela, botika enpresek aterako diote probetxu handiena osasun erreformari. Gobernuak laguntzarik ematen ez dielako, tratamendua bertan behera utzi behar izaten dute gaixo askok, pertsona adindunek bereziki; sistema berriari esker, baina, euren baliabide ekonomikoak aski ez direlako, tratamendu garestiak egin ezin dituztenei botikak errezeta bidez eskuratzeko aukera emango diete. Eta botika enpresentzat merkatua nabarmen handituko dela esan nahi du horrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.