Kritika eta ikerketa penalen mehatxuak, baina, ez dira aski Wikileaks geldiarazteko. Webguneko arduradun Julian Assangek iragarri zuen atzo datorren urte hasieran AEBetako banku handienetako bati buruzko datuak zabalduko dituztela. «Banku batekin lotutako filtrazio bat dugu, filtrazio handia da, ez Irakekoa bezain zabala, baina bai dozenaka edo milaka dokumentuz osatutakoa. Horren bidez jakin ahal izango da nola funtzionatzen duten benetan bankuek, eta uste dut horrek ikerketak eta erreformak bultzatuko dituela», azaldu du Assangek, Forbes aldizkariari eskainitako elkarrizketan. Horretaz gain, Wikileakseko buruak nabarmendu du enpresa pribatu eta farmazia enpresa ugariren gaineko datuak jaso dituztela. Dena den, badaezpada ere, kable diplomatikoetarako sarrera mugatu du Etxe Zuriak.
Oraingoz, ordea, asteburuan plazaratzen hasitako 251.287 dokumentuek komunikabide gehienetako izenburu izaten jarraitzen dute. Hona hemen horietan jasotzen diren gai nagusiak.
1. Ipar eta Hego Korea
Orain arte uste bazen Txina Ipar Koreako buruzagi Kim Jong-ilen aliatu sendoa zela, Wikileaksek filtratutako paperek bestelako irudia erakusten dute. Horien arabera, bi Koreak batzea eta haien gaineko influentzia bermatzea da Pekinen lehentasuna, eta hori lortzeko helburuarekin ari da lanean azken urteetan. Horretarako, alde batetik ekonomikoki laguntzen dio erregimen komunistari; baina bestetik, AEBekin elkarlanean ari da Piongiangen asmo nuklearrak bertan behera gera daitezen. Izan ere, Txinak ez du nahi potentzia nuklearrik bere inguruan.
Lerro gorriaren alde bietan lan egiten duen bitartean, baina, Hego Korearekin harreman ekonomikoak sendotuz doa apurka-apurka. Horren froga da 2004tik Pekin dela Seulen kide komertzial nagusia, Washington bigarren tokian utziz. 2008an, gainera bikoiztu egin zituzten hartu-emanak. Txinako Atzerri Ministerioko eledun Hong Leik berak berretsi du, neurri batean behintzat, txostenetan jasotzen dena: «Txina beti egon da Ipar eta Hego Korearen arteko elkarrizketak bultzatzearen alde, bien bat egite baketsua lortu asmoz».
Paperek beste aldearen jarrera ere jasotzen dute, ordea. Horien arabera, Hego Koreako Hyundai enpresako buruarekin bildu zen batean, Kim Jong-ilek aitortu zion ez zela Txinaz fidatzen.
2. Guantanamo
AEBetako presidente Barack Obamaren kanpainako promesa nagusietako bat izan zena ere toki txarrean utzi du Wikileaksek. Izan ere, hark zabaldutako dokumentuen arabera, Etxe Zuriak hainbat milioiko eskaintza egin zien hainbat herrialderi Guantanamoko presoak har zitzaten. Beste kasu batzuetan, berriz, presoen jatorrizko herrialdeek uko egin zioten haiek jasotzeari, ezin zituztela kontrolatu argudiatuta.
Txinak terroristatzat dituen hamazazpi preso uigurren auzia izan da konpontzen zailenetako bat. Etxe Zuriak ez zituen Pekinen eskuetan utzi nahi, han hiltzera zigortuko zituztelakoan. Alternatiba, baina, Guantanamon jarraitzea zen. Ondorioz, Obamaren gobernuak milioika dolarreko kostua zuten proiektuak bultzatzea eskaini zion Kiribati uharteetako estatuburuari, haietako batzuk onartzen bazituen. Horretaz gain, jasotako preso bakoitzagatik 85.000 dolar ordaintzera konprometitzen zen Washington -kopuru bera eskaini zion Espainiari ere-. Ezezko borobila jaso zuen, ordea.
Izan zen proposamen okerragorik egin zuenik ere. Kuwaitek, esaterako, aitortu zion AEBetako enbaxadoreari ezin zituela presoak hartu, eta hiltzen uztea proposatu zion. «Ustelak baldin badaude, ustelak daude, eta egin daitekeen hoberena gainetik kentzea da. Afganistanen atxilotu zenituzten; utz itzazue bertan, gerraren erdian», adierazi zuen Shaikh Jaber al Jalil Barne ministroak. Aldiz, Saudi Arabiako Abdula erregeak presoei txipak jartzea proposatu zien, «belatzei eta zaldiei bezala». Horrela erantzun zion Etxe Zuriko aholkulari John Brennanek: «Zaldiek ez dute abokatu onik».
3. Iran
AEBen etsai handienetako bat, Iran, ere aipatzen dute dokumentuek. Informazio horrek gezurtatzen du haren aurkako Washingtonen aliatu nagusia Israel dela, eta auziak herrialde arabiarren banaketa eragin duela erakusten. Paperen arabera, nazio arabiarretako hainbat buruzagik eskatu zioten Etxe Zuriari Irani erasotzeko, argudiatuz hobe zela hori, gerra bati aurre egitea baino. «Aurrera egiten uztea hura geldiarazten saiatzea baino arriskutsuagoa da», esan zion Bahraingo errege Hamad bin Isa al Khalifak AEBetako enbaxadoreari, iaz. Saudi Arabiak AEBetan duen ordezkari Adel al Jubeirrek are argiago hitz egin zuen: «Sugeari burua ebaki behar zaio».
Israel izan da filtrazioa txalotu duen gutxienetako bat. Benjamin Netanyahu lehen ministroaren esanetan, txostenek berretsi egiten dute Tel Avivek aspalditik defendatzen duena, alegia, Iran «arriskutsua» dela inguruko nazioentzat. Aldiz, aipatu herrialdeko presidenteak, Mahmud Ahmadinejadek, ukatu du herrialde arabiarren inolako aliantzarik dagoela bere aurka. «Wikileaksek filtratutako dokumentuak oso susmagarriak dira. Mendebaldeko estatuek egindako krimenak txertatu dituzte, jasotzen duten informazioari sinesgarritasuna emateko».
4. Ekialde Hurbila
Palestina eta Israelen arteko harremanak ere hizpide dira AEBen ezkutuko komunikazioetan, Wikileaksek dioenez. Argitara ateratako datuek jasotzen dutenez, Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahu prest legoke palestinarrekin lurrak trukatzera, Washingtonek bultzatutako negoziazioek huts egiten badute. Hori hala balitz, juduek eurentzat hartuko lituzkete Zisjordaniako hiru kolonia -Maale Adumin, Gush Etzion eta Ariel-, beste lur guztiak estatu palestinarraren esku utziz. Horri esker, kolonoak kanporatu behar izatea saihestuko lukete.
Hori baino akusazio larriagoak ere jasotzen dituzte, ordea, paperek. Horien arabera, izan ere, Israel PAN Palestinako Aginte Nazionalarekin adosten saiatu zen Gazaren aurkako erasoaldia, Hamasen agintea suntsitu ondoren, eskualdearen kontrola haren esku uzteko eskaintzarekin.PANeko negoziazio arduradun Saeb Erekatek, baina, gezurtatu egin du hori. «Ez genuen inolako parte-hartzerik izan Berun urtua operazioan. Informazio hauek nahasmena sortzen ari dira Israelekiko elkarrizketen inguruan».
5. Honduras
Manuel Zelaya agintetik kendu zuen estatu kolpeari dagokionez, berriz, estatuburua «konspirazio baten biktima» izan zela diote txostenek. AEBek herrialdean zuten enbaxadore Hugo Llorensek aitortzen du hori Etxe Zurira bidalitako mezuetako batean: «Zelaya kargutik kentzeko argudioetatik bakar bat ere ez zen baliagarria. Roberto Michelettiren kargu-hartzea legez kanpokoa izan zen». Albistea besoak zabalik hartu du Zelaya presidente ohiak, baina salatu du horrek frogatzen duela Washingtonek estatu kolpea «lagundu» zuela.«AEBek bazuten delituaren berri, baina zuritu eta babestu egin zituzten gaizkileak».
6. Espainia
Madrilgo auzitegietan AEBen aurka zabaldutako hiru kasuek ere eman dute zeresana. Ezkutuko dokumentuen arabera, Washingtonek horiek oztopatu eta artxibatzea lortu zuen Espainiako fiskalen eta epaileen elkarlanari esker. Honakoak dira hiru auziok: Jose Couso kazetari galiziarraren hilketa, CIAren ezkutuko hegaldiena, eta Guantanamoko torturei dagokiona. Paperek jasotzen dutenez, auziez arduratzen ziren epaileek informazioa eman zioten AEBetako enbaxadari.
Madrildik, baina, ukatu dute halakorik. Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileek onartu dute Washingtongo ordezkariekin harremanak dituztela, baina gezurtatu dute haren presioei amore eman diotela. Hildako kazetariaren senideak, aldiz, epaitegietara jotzea aztertzen hasiak dira. «Bagenekien elkar aditzea zegoela. Beti salatu izan dugu hori», gaitzetsi du Javier Cousok, hildakoaren anaiak.
7. ETA
Etxera etorriz, ETAren aipamenak aurki daitezke dokumentuetan. Horien arabera, Etxe Zuriak Espainiako «barne gatazkatzat» hartu izan du beti Euskal Herrikoa, talde armatuak 2006ko martxoan su-etena iragarri zuenean izan ezik. Orduan, gaiak «lehen mailako esanahia du politikagintzan, gobernua desegiteko ahalmena duelako», Washingtonen iritziz.
Julian Assange
Argiak eta ilunak
Kazetari ekintzailetzat du bere burua Julian Assangek (Townsville, Australia, 1971). Wikileaks atariaren zuzendariak zinismoaren aurrean egiten duen gardentasunaren aldeko aldarriak, baina lilura bezainbesteko mespretxua eragiten du, batez ere diktadore baten moduan aritzen dela salatu izan dutenen artean. Sekretuak babeste aldera berak ere bizimodu sekretua darama -aireportuetan bizi dela dio-, ezen bere bizitza arriskuan ikusi duela aitortu izan du. Fisika eta matematikak ikasi zituen, eta hacker izan zen ataria sortu aurretik-delitu informatikoak egin zituen-. Suedian bortxaketagatik salatu dute, eta han bizitzeko baimena ukatu diote.712.000
Wikileaksen aurrekontua. Urteko 712.000 euroko aurrekontua du Wikileaksek. Egun 10.000 lagunek ematen diote dirua atariari, eta bakar batek ez duela 20.000 euro baino gehiago eman dio Julian Assangek.Lau urteko ibilbide emankorra
SORRERA1999. Julian Assangek www.leaks.orgsortu zuen.
2006ko abendua. Wikileaks ataria sortu zuten.
FILTRAZIO INPORTANTEENAK
2008ko azaroa. Kenyan oposizioko 500 lagun hil zituztela agerian uzten zuten agiriak kaleratu zituzten. Amnesty Internationalek sari bat eman zion.
2010eko apirila. Bideo bat zabaldu zuten non ikus daitekeen AEBetako Apache helikoptero batek nola hamabi lagun hiltzen dituen Bagdaden, tartean argazkilari bat eta bi haur.
2010eko uztaila. Afganistango gerrako 76.607 argitaratu zituzten; 20.000 lagunen heriotzaren berri eman zuten -ordua, eguna, tokia eta arrazoia-.
2010eko urria. Irakeko gerraren 391.832 dokumentu kaleratu zituzten; zibilen heriotzen eta torturen berri ematen dute.
2010eko azaroa. AEBetako enbaxadetako 251.287 agiri kaleratzeari ekin zioten.