AEB

"AEBak dira nazio boteretsuena. Kito"

AEBak indartsu daudela eta herri handi bat direla nabarmendu du AEBetako presidenteak nazioari buruz egin duen azken hitzaldian, aitortu duen arren ez dituela bete kargua hartu zuenean egindako promesa gehienak.

Barack Obama, bart gaueko agerraldian. EVAN VUCCI / EFE
2016ko urtarrilaren 13a
15:47
Entzun

Nazioari egindako azken hitzaldia izan du Barack Obama AEBetako presidenteak, eta orain arte horrelakoetan egin den diskurtsorik motzena izan da, deskribapenak alde batera utzi, eta zuzena, jendearen bihotzera iristeko asmoz. Ez du hitz egin duela zazpi urte hitz egiten zuen anbizioarekin, ibilitakoak eman dion ikuskera errealistagoarekin, baina itxaropentsu, eta AEBetako handitasuna gogoraraziz.

Etorkizunari buruzko ikuskera baikorra eman nahi izan du nazioaren egoerari buruz egin duen azken hitzaldian, gogoraraziz hazten ari den ekonomiaren jabe direla eta munduan leku hobean daudela, baina herrialdean dagoen ezinikusi politikoari egin dio aipamena, esanez hori izan dela bere jardueraren alderik okerrena eta zailena, presidentetza hartu zuenean baino okerrago ikusten baitu errepublikanoen eta demokraten arteko harremana. Dena den, errepublikanoek herrialdeari eman nahi izan dioten itxura ezkorra politika dela ohartarazi du, ez dela benetakoa.

Deskripzioetan eta xehetasunetan aritzeko ohiko ohitura alde batera utzita, azken hitzaldia erabili du aurrera begira ilusioz dagoen nazio bat irudikatzeko, duela zazpi urte boterea hartu zuenean baino egoera hobean direla esanez,  nahiz eta AEBetan herritarren arteko ezberdintasuna eta atzerriko terrorismoa izugarriak diren.

Onartu du Washington eta mundua aldatzeko anbizioarekin iritsi zela Etxe Zurira, esperantzaren mezua eman zuela presidente izan aurreko kanpainan, eta ez dituela bete orduan esandakoak, bere helburuetan motz geratu dela.
 

Hauek dira, besteak beste, izan dituen mintzagaiak:

Defentsa eta segurtasuna

Errepublikanoek leporatu diote ez duela nahikoa egiten "terrorismoaren kontra", eta AEBetan izu handia zabaldu dute, baina Obamak argi utzi du estatubatuarrak babestea dela bere lehen egitekoa, baina orain ez dagoela arrisku handirik: "EI eta Al-Qaeda arriskutsuak dira, eta suntsitu behar ditugu, baina ez da guretzat mehatxu".

Ekonomia

Ekonomiari buruz egin dizkioten kritikak, berriz, "fikzioa" dira mandatariarentzat, agerikoa baita haziz doala ekonomia. "2008ko krisia Wall Streeteko arduragabeek eragin zuten". Immigranteek ekonomiari egin dioten ekarpenaz ere aritu da, eta, gogorarazi duenez, "immigranteak ez dira soldatak ez igotzeko arrazoia, korporazioak baizik. AEBak immigrante bakoitza dira, Bostondik hasi eta Austineraino".

Guantanamo

Obamak Guantanamo itxiko zuela izan zen promesa handienetako bat, baina zabalik jarraitzen du. Halere, bere mandatuaren azken egunera arte ixten saiatuko dela esan du: "Garestia da, ez da beharrezkoa eta bakarrik balio du etsaiak erreklutatzeko propoganda gisa".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.