Samarrek ez zuen zehaztu zenbat salaketa dauden lotuta torturekin. «Guantanamoko [AEBek duten] basetik (Kuba) askatutako preso afganiar ohi batek kalteordainak eskatu ditu atxilotuta emandako denboragatik; beste salaketa batek dio Asadabaden AEBen Armadarekin lotutako milizia afganiar baten eskuetan igarotako aste batean sei presok tratu txarrak jasan zituztela».AEBak ikertzen hasi diren salaketa Afganistango Poliziako koronel Said Nabi Siddikik jarri zuen, zeina 2003ko abuztuan atxilotu zuten. The New York Times egunkariari jakinarazi zionez, AEBek Kabuldik ekialdera duten Gardezko baseko presondegian larrubizirik jarri, jipoitu eta argazkiak atera zizkioten. Horrez gain, sexu gehiegikeriak eta irainak pairatu zituela eta loa galarazi ziotela salatu zuen. Siddikiren esanetan, iazko uztailaren 15ean «akats baten ondorioz» atxilotu zuten, Polizia ustelkeriaren berri eman ondoren. Haren ahotan, norbaitek taliban izateaz akusatuta, 40 egunetan hiru espetxetan preso eduki zuten AEBek. Salatu zuenez, hiruotan jasan zituen tratu txarrak, baina kasurik okerrena Gardezen izan zela esan zuen.
Washingtonen erantzuna
AEBek Afganistanen duten enbaxadore Zalmai Khalilzadek atzo adierazi zuen ez duela Gardezko espetxean izandako ustezko tratu txarren argazkirik.
AEBetako Armadak Afganistanen dituen indarren buru David Barno teniente jeneralak herenegun esan zuenez, soldadu estatubatuarrek preso irakiarrei eginiko torturen berri izan ondoren AEBek Afganistanen dituzten presoak tratatzeko arauak aldatu dituzte. Haren esanetan, behin-behineko atxilotze zentroetan atxilotuak edukitzeko denbora Bagramgo basera bidali aurretik murriztu egin dute. Gaineratu zuenez, «zenbait basetan izandako arazoak» ikertu ditu AEBetako Armadak, eta Bagramera, Kabuldik iparraldera daukan baserik handiena hainbat preso eramatea erabaki du. Bagramen 300 bat preso, gehienak afganiarrak, daudela uste da; zehaztu gabeko beste zenbait preso beste presondegi batzuetan atxikitzen dituzte AEBek. Joan den martxoan AEBetan egoitza duen HRW Human Rights Watch giza eskubideen aldeko taldeak kaleratutako txosten batean zioen AEBek Afganistanen duten atxiloketa sistemak nazioarteko legedia urratzen duela. 2002ko abenduan bi afganiar hil ziren Bagramgo basean. Autopsiek iradoki zuten objektu gogorrek eragindako zauriak zituztela. AEBek ikerketa abiatu arren, «frogak aurkitzeko arazoak» zituztela argudiatuta, oraindik emaitzik ez dute jakinarazi. Iazko ekainean, aldiz, beste preso bat hil zen presondegi batean, hain juxtu, Asadabaden, Kunar probintzian (ipar-ekialdea). Barnok atzo esan zuen bazuela iaz izandako «tratu txarren salaketen berri», eta horiek guztiak ikertzen ari zirela. Nabarmendu zuenez, Afganistanen dituzten presoei «gizalegezko tratua» ematen diete, eta tarteka Nazioarteko Gurutze Gorriaren bisitak jasotzen dituzte. Haatik, Gurutze Gorriak AEBen baseetara eginiko bisiten txostenak sekretuak dira. Gainera, AEBek ez diete beste erakunde batzuei sartzen uzten.Afganistango Giza Eskubideen Batzorde Independenteko kide Ahmad Zia Langarik esan du sarrera mugatze horrek jendeari pentsarazi egiten diola Afganistanen ere Iraken bezalako tratu txar eta gehiegikeriak gertatzen direla. Atxilotuetako askok denbora luzea daramate akusaziorik eta abokaturik gabe.
-
EGUNOTAKO ERASOAK
NBEko lau langile eta soldadualemaniar bat zauritu dituzte
Nazio Batuen Erakundeak herenegun jakinarazi zuenez, hauteskunde errolda ontzen ari ziren lau langile afganiar zauritu ziren, Asadabad hirira zeramatzan autoa lehertuta. NBEk ez zuen zehaztu leherketa nola gertatu zen. Laurak Jalalabadeko ospitale batera eraman zituzten. Joan den larunbatean errolda egiten ari ziren beste langile batzuen autoari eraso zioten, Jalalabadetik gertu. Itxuraz, talibanek edo horiekin lotutako ekintzaileek jo zuten erasoa; irailean egitekoak diren Presidentetzarako eta Legebiltzarrerako bozak boikotatzen saiatzen ari dira. Bestalde, herenegun ere bai, ekintzaile batzuek ISAF nazioarteko indarrek Kabulen duten base bati misil batez eraso eta soldadu alemaniar bat zauritu zuten.