AEB Ameriketako Estatu Batuetako armadako piloturik gabeko hegazkinek Pakistango Khyber eskualdea bonbardatu zuten atzo. Herrialde hartako iturri ofizialen arabera, hiru herri bonbardatu dituzte, eta hildakoak gutxienez 50 dira. Guztiak ekintzaile islamistak direla diote, eta herri horietan babeslekuak zituztela.
Khyber eskualdeko Tirah ibarreko herrietan izan dira erasoak, Afganistango mugatik gertu. Iturri ofizialen arabera, Speen Drang eta Shandana herriak bonbardatu dituzte, eta Express telebistak Naqai herria ere aipatu du horiez gain. Hildakoetako 32Lashkar-e-Islam talde armatuko kideak direla diote Pakistango iturriek. Horien arabera, Lashkar-e-Islamek Tirah ibarrean du presentziarik nabarmenena. AEBetako armadak ez du inoiz nazioartean diharduen talde armatutzat jo. Hala ere, herenegun bertan gisako eraso bat egin zuten AEBek Tirah ibarrean bertan, eta Pakistango indar armatuek diote Lashkar-e-Islamgo bertze zazpi militante hil zirela orduan.
AEBetako piloturik gabeko hegazkinek ehun eraso baino gehiago egin dituzte aurten Afganistango mugaren inguruko eskualdeetan, baina gehienak Ipar Waziristanen izan dira, Khybertik hegoaldera, talibanen presentzia handiagoa baita eremu hartan. Hala ere, Tirah ibarra estrategikotzat jotzen dute bai talibanek, bai Pakistango eta AEBetako armadek, Afganistan eta Pakistan lotzen dituen mugako bide garrantzitsuenetako baten ondoan dagoelako. Handik hurbil, Orakzai ibarrean, talibanen aurkako erasoaldia egiten ari da Pakistango armada.
Aire erasoen gorakada
Afganistan eta Pakistanen arteko mugan gero eta ohikoagoak dira AEBetako piloturik gabeko hegazkinek egindako erasoak. 2004-2007 artean bederatzi bonbardaketa egin zituzten; 2008an 34, 2009an 53 eta aurten ehun baino gehiago. New American Fundazioaren arabera, hildakoak 900 eta 1.500 artean izan dira oraingoz. Ia erdiak aurten. Hildakoetako gehienak zibilak dira, gainera.
Hain zuzen ere, AEBetako espioitza agentziak, CIAk, Pakistanen duen burua auzitara eraman du Shazhad Akbar abokatuak, iazko abenduaren 31n piloturik gabeko hegazkinen eraso batean zibilak hiltzeagatik. AEBetako iturri ofizialek jakinarazi dute buru hau Pakistandik kanpora eraman duela CIAk, haren nortasuna publiko egin delako. Horren ondorioz, heriotza mehatxuak jaso dituela dio iturri berberak. Robert Gates AEBetako Defentsa idazkariaren eta Leon Panetta CIAko buruaren kontra ere jo du Akbar abokatuak.
AEBetako piloturik gabeko hegazkinen erasoez gain, xiiten aurkako erasoak gertatu ziren atzo Pakistanen. Atzo, Ashuraren ospakizun eguna zen. Mahomaren bilobaren, Hussein imamaren martirioa oroitzen dute xiitek— Pakistanen sunitak, Islamaren bertze adarreko sinestunak, dira gehiengoa—. Erasorik larriena herrialdearen ipar-mendebaldean gertatu zen, Hangu barrutian. Jaurtigai bat lehertu eta lau lagun hil ziren. Handik kilometro batera, Ashura ospatzeko prozesioa egiten ari ziren, eta Poliziak uste du hura zela helburua. Talde armatu sunitei egotzi die erasoa. Shikarpurren, berriz, hego-ekialdean, ekintzaile batek granada bat jaurti zuen xiiten aurka, eta zazpi lagun zauritu zituen. Express telebistaren arabera, indar armatuek ekintzailea hil zuten. Hiririk handienetan, Pakistango Gobernuak segurtasun neurri zorrotzak hartu zituen erasoak saihesteko. Islamabaden 11.000 polizia jarri zituen karrikak zaintzen, Karachin 38.000 eta Lahoren 21.000.
AEBak Afganistanen
AEBetako presidente Barack Obamak Afganistanen aurrerapauso txikiak egin dituztela jakinarazi eta hurrengo egunean, talibanek adierazi dute Washingtonen estrategiak «porrot» egin duela. Uztailean AEBetako tropak Afganistandik ateratzen hasiko direla iragarri zuen Obamak. Talibanen ustez, «milaka soldaduren heriotza eta milaka milioika dolarren xahutze» ondorengo emaitza «mingarria» da hori.
AEBek Afganistanen dituzten tropen buru Mike Mullenek aitortu du talibanek eragin handia dutela. «Barruti batzuetan funtzionario gutxi daude, gatazkak konpontzeko orduan talibanek eragin handiegia dute, eta garapen ekonomikoa eskasegia da». Hegoaldean talibanen eragina gutxitu badute ere, aurrerapenak «ahulak» direla aitortu du Mullenek.
AEBek 50 lagun hil dituzte Pakistanen, aire erasoetan
Khyber eskualdeko hiru herri bonbardatu dituzte piloturik gabeko hegazkinek, Afganistango mugaren inguruanPakistango iturri ofizialen arabera, hildako guztiak ekintzaile islamistak dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu