AEBek 60 lagun hil dituzte gutxienez aire erasoan Pakistanen

Baitullah Mehsud buruzagi talibanak gidatzen duen taldearen kontra egin dute orain arteko eraso odoltsuena

Erredakzioa
2009ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Gutxienez 60 lagun hil ziren AEB Ameriketako Estatu Batuek herenegun Hego Waziristanen (Pakistan) egindako aire erasoan. Gidaririk gabeko hegazkin batek bi misil jaurti zituen Ladha herrixkan, buruzagi taliban baten hileta egiten ari zirenean. Hala jakinarazi du, besteren artean, Pakistango Geo telebista kateak.

George Bushek AEBetako presidente zela agindu zituen halako operazioak Pakistango iparraldean, talibanen eta Al Kaedaren baseen kontra. Ordutik gisa horretako 22 aire eraso egin dituzte. Baina herenegungoa izan da orain arteko odoltsuena. Baitulla Mehsud lider talibanaren taldea suntsitzea da AEBen helburua, hari leporatzen baitiote Afganistanen azken boladan izan diren atentatu suizida gehienak egin izana. Eta Mehsuden taldeko hainbat kide bertan izango zirelakoan bonbardatu zuten hileta. Izan ere, Ali Khwazen ohorezkoa zen zeremonia; Mehsuden laguntzailetzat jotzen zuten ekintzaile hura.

Buruzagi talibanak tartean

Hedabide batzuen arabera, 60 izan ziren hildakoak, 80 beste batzuen ustez. Athar Abbas Pakistango armadako bozeramaileak, berriz, 35 izan zirela ziurtatu du; tartean, zenbait buruzagi. Bertsio hori zuzena balitz, hilda leudeke Sangeen izeneko mula eta Qari Hussain. Zerbitzu sekretuen arabera, ekintzaile suizidak entrenatzea zen bigarrenaren ardura. Zenbait hedabidek Mehsud bera hiletan zela ere zabaldu dute, baina inork ez du informazioa berretsi.

AEBen aire erasoaren aurretik, joan den astean, Mehsud eta bere kideak akabatzeko asmoz lurreko operazioari ekin zion Pakistango armadak. Therik e Taliban Pakistan taldea gidatzen du Mehsudek. 2007an sortu zen, hainbat talibantaldek bat egitean. Taldearen kritiko nagusia, Qari Zainuddin, herenegun hil zuten, tiroz. Lider tribal horrek Mehsudek agindutako eraso suizidak gaitzetsi zituen. Al Kaedari begikotasuna agertu izan zion jendaurrean. Hilketaren atzean Mehsud dagoela ziurtatu du Pakistango Gobernuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.