AEBetako presidente George Bushen agintaldia amaitzear dago. Urtarrilean egingo du karguaren zina haren hurrengoak. Hori dela eta, eztabaida handia eragin duten auzien gaineko erabakiak saihestea da Bushen asmoa. Horixe egin du hain zuzen ere Irakeko tropekin. Otsaila bitartean 8.000 soldadu estatubatuar erretiratuko dituztela iragarri zuen atzo Bushek. Horiek, baina, hasieran uste zena baino askoz gutxiago dira, izan ere,AEBetako 146.000 militar daude gaur egun han. «Hauxe da kontua: Irakeko etsaia oraindik arriskutsua den arren, Irakeko indarrek gero eta ahalmen gehiago dute borroka irabazteko». Dena den, datorren urtean tropa gehiago erretira ditzaketela nabarmendu du AEBetako presidenteak. Erabakia, baina, Etxe Zuriko hurrengo maizterrak hartuko du.
Bestetik, Iraken indarkeria murriztu dela baliatuz, Afganistanera tropa gehiago bidaliko dituztela iragarri du Bushek. Herrialde hartan, ugaritu egin dira nazioarteko indarren aurkako erasoak. Horiek hala, datorren azaroan Irakera joatekoak ziren bi brigada Afganistanera bidaliko dituzte. «Terroristak ahaleginak indartzen ari dira borroka hau hasi zen tokian, Afganistango nazioan. Han irabaztea oinarrizkoa da AEBen eta gure aliatuen segurtasunerako».
Hainbaten iritziz, baina, Washingtonek hartutako neurriak «ahulegiak» dira. «Irakeko indarrak murrizteko presidentearen erabakia norabide zuzenean egindako urratsa izan zitekeen, baina egiaz, erretiratzea hurrengo administrazioaren esku uzten ari da», gaitzetsi du Ordezkarien Ganberako Indar Armatuetarako Batzordeko buru Ike Skelton demokratak. Haren iritziz, Iraketik tropa gehiago erretiratuz gero, posible izango litzateke arreta osoa Afganistanen jartzea. Harekin bat etorri da Senatuko demokraten buru Harry Reid ere: «Harrituta nago nolatan erabaki duen Iraketik horren tropa gutxi etxeratzea eta Afganistanera horren gutxi bidaltzea».
Aldaketen beharra
Iraken ez bezala, Afganistanen duen militar kopurua handitzen joan da Washington azken bi urteetan. 2006an 21.000 soldadu bazituzten, egun 31.000 dituzte, eta itxura guztien arabera, kopuru hori igo egingo da datozen hilabeteetan. Izan ere, Bushen agintaldia amaitzear dagoen arren, haren hurrengo izateko aukera gehien dituzten bi hautagaiek Iraketik erretiratu eta Afganistango armada indartzearen alde egin dute kanpainan. Erretiratzea hamasei hilabeteko epean egitearen aldekoa da Barack Obama demokrata; John McCain errepublikanoa, aldiz, ez da erretiratzeko epe jakinik jartzearen aldeko. Era batera edo bestera, beraietako baten esku geratuko da Irakeko soldadu estatubatuarren geroa.
Afganistanen egoera oso bestelakoa da. Etxe Zuriak 2001ean hasi zuen talibanen aurkako gerra, eta handik gutxira eman zuen amaitutzat. Azken urteetan, ordea, ugaritu egin dira horien jarraitzaileak, Hamid Karzai presidentearen gobernua ez delako herrialdea kontrolatzeko gai. Horiek hala, nazioartea kezkatuta dago gerta daitekeenaz. Hori nahikoa ez, eta zenbait herrialdek iragarri dute, jada, bi urteko epean beren soldaduak erretiratuko dituztela. Horrek nazioa berriz ere talibanen esku geratzeko arriskua dakar, eta hori Washingtonen porrota litzateke.
Europako Batasuneko Afganistanerako ordezkari Francesc Vendrellen iritziz, Bushen administrazioak herrialdea «alde batera» utzi duelako okertu da egoera. Hark taktika militarrak ere zalantzan jarri ditu. Azken asteetan ehundik gora zibil hil dira NATOren eta AEBen bonbardaketetan. Horiek, ordea, lurreko erasoak egiteko nahikoa soldadurik ez dutela esanez arrazoitzen dituzte bonbardaketak. «Ez dago irtenbide militarrik Afganistanen. Irtenbide politikoa aurkitu behar dugu, baina horretarako afganiarren laguntza behar dugu», nabarmendu du Vendrellek.
Diplomazialari katalanak sei urte egin zituen NBEren ordezkari gisa, eta tarte horretan AEBek hasitako gerraren ondorioak ere ikusi zituen. «2003ko martxoan hasitako Irakeko gerra hutsegite handia izan zen, eta nazioartearen arreta desbideratu zuen. Ohartu ginenerako egungo egoeran geunden».
Bestetik denbora luzean Washingtonen aliatu izandako Pakistan ere ez dago bere onenean, eta talibanak hortaz ari dira baliatzen. Bi herrialdeen arteko mugan ezkutatzen dira. Hala ere, «gerra irabazteko egoeran» daudela uste du Vendrellek, izan ere, NATOk 52.700 soldadu ditu han, eta AEBek beste 31.000.
Afganistanera begira jarri aurretik, ordea, Irakeko segurtasuna bermatu behar du Etxe Zuriak, eta bide horretan badu oraindik egitekorik. Lehenik eta behin Bagdadeko gobernuarekin akordioa lortu behar du nazioarteko indarren etorkizunaz. Nuri al Maliki lehen ministroak 2012rako atzerriko tropak herrialdetik kanpo egotea eskatzen du. Bushen administrazioak, aldiz, ez du datarik jarri nahi, argudiatuz ez litzatekeela «segurua».
Etsaia oraindik arriskutsua da,baina Irakeko indarrek ahalmen handiago dute»
«Afganistanen irabaztea oinarrizkoa da, AEBen eta gure aliatuen segurtasunerako»
George bush
AEBetako presidentea
AEBek 8.000 soldadu kenduko dituzte Iraketik otsaila bitartean
Erretiratzea iragarritakoa baino txikiagoa da; izan ere, 146.000 militar estatubatuar geratzen dira oraindik herrialde hartan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu