Afganistango eta Irakeko gerrak zama politikoa, ekonomikoa eta humanoa bilakatu dira aspalditik AEBentzat. 2001eko irailaren 11ko atentatuen ondoren, orduko presidenteak, George Bushek, terrorismoaren aurkako gerra deklaratu zuen, eta horren harira abiarazi zituzten bi gatazkak; 2001ean bertan Afganistanen, eta 2003an Iraken. Barack Obama egungo presidentearen erronketako bat izan da gerra horiei amaiera eman eta tropak etxeratzeko plana prestatzea, eta gaur egun asmo hori gauzatu nahian dabil. Bi erretiratzeak, baina, egoera aski ezberdinean eginen ditu Washingtonek. Izan ere, Afganistanen, gerra hasi zenetik inoiz baino soldadu gehiago galdu ditu (67 hildako); Iraken, aldiz, inoiz baino hilabete lasaiagoa izan du, 2003tik lehenbiziko aldiz ez baita AEBetako militarrik hil.
Heriotzen zenbaketa icasualties.org taldeak egin du. Bi gatazkak hasi zirenetik egin du lan hori. Afganistani dagokionez, orain arte AEBek 2010eko uztailean galdu zituen soldadu gehien (65). Urteko balantzea kontuan hartuz gero, baina, iazko urtarril eta abuztu bitartean aurten baino militar gehiago hil ziren —321 2010ean, eta 2011n 306—. Iragan hileko 67 hildakoen artean daude herrialdearen erdiguneko Uardak probintziako erasoan zendutako 30 soldaduak. Abuztuaren 6an, talibanek Chinook helikoptero bat bota zuten. Gerra hasi zenetik, AEBek ez zuten inoiz hainbertze soldadu galdu eraso bakar batean. NATOko misioko indarren bi herenak AEBetakoak dira. Gainerako herrialdeetako hamasei soldadu hil dira iragan hilean. Urtea hasi denetik, berriz, 112 izan dira. Iaz 169 izan ziren.
AEBek iragan ekainean jakinarazi zuten erretiratzeko plana. Orduan 111.000 soldadu zituzten Afganistanen, eta urte bukaerarako 10.000 etxeratzeko asmoa dute. 2012ko udarako, berriz, 33.000 atera nahi dituzte. 2014rako segurtasun eskumen guztiak Afganistango Gobernuaren esku egonen dira, NATOk ordurako tropa guztiak ateratzeko asmoa baitu. Urtetik urtera talibanek hildako nazioarteko soldadu kopurua hazi egin da, baina Obamak erretiratzea «posizio sendo batetik» hasi dutela adierazi du. Haren arabera, talibanek posizio garrantzitsuak galdu dituzte, eta «Al Kaeda gaur egun jasaten ari den presioa 2001eko irailaren 11ko atentatuez geroztik jasan duen handiena» da.
48.000 soldadu Iraken
Iraken Afganistanen baino biziago egin zuten AEBek segurtasun eskumenak bertako indarren esku uzteko prozesua, eta horrek eragin du galeren gutxitzea. Gaur egun 48.000 soldadu dituzte bertan, eta urte bukaerarako guztiak etxeratzeko asmoa du Obamak. Hala ere, Irakeko agintariek joan den hilean jakinarazi zuten elkarrizketan ari direla Washingtonekin, «entrenamendurako misio» bat geldi dadin.
AEBetako soldaduen artean hildako kopurua erabat gutxitu den arren, Irakeko zibilen artean ezin gauza bera erran. Osasun Ministerioaren arabera, iazko irailetik aurtengo abuztura arte 1.449 zibil hil dira «indarkeriazko ekintzetan». Epe berean, 543 polizia eta 379 soldadu hil dira. Iragan abuztuan bertan aspaldiko atentaturik gogorrenak izan dira. Hilaren 15ean 60 lagun hil zituzten Bagdaden, eta 28an bertze 32, hiriburuan ere.
Ikuspuntu ekonomikotik, berriz, bi gerren zama hazi egin da AEBentzat. Gerrarako kontratuen Batzordearen arabera, Washingtonek 41.724milioi euro «desegoki xahutu» ditu Afganistanen, eta bertze 21.557 milioi Iraken. Diru xahuketa hori kontratisten gainbegiratze eskasaren, ustelkeriaren eta planifikazio txarraren ondorio izan da batzorde horren iritziz. Urte bukaerarako bi gerrek sortutako gastua 143.000 milioi eurokoa izan daitekeela uste du Michael Thibault batzordeko presidenteetako batek.
AEBek abuztuan inoiz baino soldadu gehiago galdu dituzte Afganistanen
Iraken, berriz, gerra hasi zenetik lehenbiziko aldiz ez da AEBetako militarrik hil hilabete oso batean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu