AEBek Al-Qaedaren Pakistango ustezko burua hil dute aire eraso bidez

Washingtonek bi erasoaldi egin ditu 24 orduan, eta gutxienez hamalau lagun hil ditu

Jon Fernandez.
2012ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
AEBen eta Pakistanen arteko harremana asko tenkatu da azken hilabeteetan, eta Washingtonek bidalitako piloturik gabeko hegazkinen erasoek gaiztotu dute , besteak beste, harremana. Eraso horiek bere subiranotasuna urratzen dutela salatu du behin eta berriz Islamabadek. Hala ere, estatubatuarrek piloturik gabeko hegazkinen programarekin jarraitzen dute. Herenegun eta atzo artean, 24 orduan, gutxienez hamalau lagun hil dituzte Pakistaneko Ipar Waziristan eskualdeko hiri nagusian, Miram Shah hirian, Afganistango mugatik oso gertu. AEBetako eta Pakistango informazio zerbitzuen arabera, «terroristak» dira hildako denak, Al-Qaedarekin harreman zuzena zuten talibanak. Atzo hildakoen artean Badar Mansoor Pakistango Al-Qadeako ustezko burua dago, Islamabadeko informazio zerbitzuaren eta talibanen iturriek AFP berri agentziari baieztatu diotenez.

«Alokatutako etxe txiki batean bizi zen emaztearekin. Bera, emaztea eta familiako beste bi kide hil dituzte erasoan», azaldu dio AFPri Pakistango talibanen buruzagi batek. Joan den ekainean AEBek Ilyas Khasmiri ustez hil zutenetik Washingtonek Mansoor jotzen zuen Pakistango Al-Qaedako buru —ez iturri ofizialek ez Khasmiriren gertukoek ez dute haren hilketa baieztatu—, eta azken lau urteetan izandako 5.000 hilketa inguru eta Afganistanera ekintzaileak bidali izana egozten dio.

Obamaren babesa

CIAren piloturik gabeko hegazkinen programa bertan behera geratu zen iazko azaroan, aire eraso batean Pakistango 24 soldadu hil baitziren eta Islamabaden haserrea piztu baitzen. Joan den urtarrilaren 10ean, ordea, berriz ekin zion Washingtonek programari. Ehunka lagun hil ditu 2004an orduko AEBetako presidente George Bushek abiatutako programak. Talde talibanei eta sare jihadistei eraso egitea da piloturik gabeko hegazkinen helburua Etxe Zuriaren arabera, baina giza eskubideen aldeko erakundeek hainbat aldiz salatu dute zibilak ere hil dituztela.

Barack Obama AEBetako presidenteak berak jendaurrean defendatu zituen iragan urtarrilaren 30ean, lehenengo aldiz, piloturik gabeko hegazkinek Pakistanen egiten dituzten erasoak. Hegazkinok terrorismoaren kontrako borrokarako tresna garrantzitsuena dira, haren esanetan, «batez ere AEBak teknikoki gerran ez dauden herrialdeetan».

Pakistanek lankidetza estua izan du Washingtonekin 2001eko Afganistango inbasioaz geroztik, baina iazko udaberrian asko gaiztotu zen harremana, AEBek Osama Bin Laden Pakistanen hil zutenean, aurrez Islamabadi abisatu barik. Udazkenean, gainera,Etxe Zuriak zera leporatu zion Islamabadi: Afganistango talibanei euren gotorlekua Pakistanen eraikitzen uztea eta Hakkani sarea babestea. Salaketak tentsio diplomatiko handia sortu zuen bi gobernuen artean, eta aire erasoek are gehiago gaiztotu dute egoera. Horrek Pakistanen bertan ere sortu du gatazka, gizarteak eta armadak AEBekin epelegi jokatzea egozten baitiote gobernuari. Joan den hamarkadan Islamabadek 15.500 milioi euro jaso zituen Afganistango gerra babesteagatik, eta orain jendaurrean Washingtonen kontra hitz egin arren pribatuan haren aire erasoen programa onartzen dutela uste dute herritarrek. AEBek talibanen atzeragoardiatzat jotzen du Ipar Waziristango eremua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.