Ban Ki-Moon Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiaren hitzaldiak eman dio hasiera Siriako gatazka konponbidean jartzeko Montreuxen (Suitza) egiten ari diren bake konferentziari. Hassan Rohani Irango presidentea bertan izango da, eta auzitan jarri du konferentziak helburuak betetzea: "Ez dugu espero behar irtenbiderik Siriako herriarentzat terrorismoaren kontrako borrokan".
John Kerry Amerikako Estatu Batuetako diplomazia buruak baztertu egin du trantsizio gobernu batean Baxar al-Assadek parte hartzeko aukera; gerra krimenak egin izana egotzi dio, eta, beraz, azaldu du "pentsaezina" dela Al-Assadek gobernu horretan parte hartzea.
Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak, berriz, nabarmendu du negoziazioak ez direla "errazak ezta azkarrak" ere izango, baina uste du "bakea lortzeko egiazko aukera" dagoela: "Ez dugu arrakasta %100ean bermatuta, baina bakea lortzeko egiazko aukera dugulakoan nago".
Bilkuran parte hartzen ari diren ordezkaritzak atzo ailegatu ziren Suitzako Montreux hirira. Izan ere, han hasi da konferentzia, logistika arrazoiengatik. Konferentzia serioski prestatzen hasi zirenerako, Genevako hoteletan ez zegoen behar adinako gela kopurua parte hartzaile guztientzat, eta lehenbiziko bilkura 94 kilometrora eramatea erabaki zuten antolatzaileek, 25.000 biztanleko hiri batera.
Sirian, 2011ko martxoan hasi zen gobernuaren aurkako matxinada. Herrialde arabiarretako gainerako matxinaden testuinguruan, gobernuaren aurkako manifestazio jendetsuak antolatu ziren zenbait hiritan, baina hilabete gutxiren buruan protesta horien tokia talde armatuek hartu zuten, eta gerra ireki bat piztu zen. Ordutik, Siria indarkerian etengabe hondoratu da gero eta gehiago, sarraski larrien salaketa anitz egin dira, AEBen esku hartze baten mehatxua gainean izan du eta Ekialde Hurbileko joko geopolitikoaren pieza erabakigarria bihurtu da. 130.000 hildako ingururekin (NBE Nazio Batuen Erakundearen kalkulua), hamarkada honetako gerrarik odoltsuena da Siriakoa.