IPAR KOREA

AEBek ez dute onartu arma nuklearrez zuzenean hitz egiterik

Etxe Zuriaren arabera, ez da Washington eta Pyongyangen arteko auzia

Erredakzioa
2005eko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Ameriketako Estatu Batuek (AEB) ez dute Ipar Korearekin programa nuklearrari buruzko zuzeneko elkarrizketarik edukitzeko asmorik. Etxe Zuriko prentsa idazkari den Scott McClellanen ustez, «ez da Ipar Korea eta AEBen arteko auzia; eskualde osoarena baizik». Bere arabera, elkarrizketetan orain arte parte hartu duten sei estatuak egon beharko lirateke: AEBak, Errusia, Txina, Japonia, Hego Korea eta Ipar Korea. McClellanen ustez, auziak Ipar Korearen «bizilagun guztiei» eragiten die. Halaber, Piongiangi negoziaketetan parte hartzeko ohartarazi zion. Bestela, bere bakartzea handitu besterik ez zuela egingo gaineratu zuen.

Izan ere, programa nuklearrari buruz zuzenean AEBekin negoziatu nahi du Ipar Koreak. Piongiangek herenegun onartu zuten, ofizialki, arma nuklearrak zituela.Hala, Ipar Korea bost estatuekin berriro negoziatzen hasteko, «baldintza egokiak» beharko zirela adierazi zuen atzo, Hego Koreako Hankyoreh egunkarian, Ipar Koreak NBEn duen ordezkari Han Song-Ryolek. Bien arteko negoziazioak hasiko balira, AEBek «borondate ona» erakutsiko luketela gaineratu zuen Ryolek. Condoleezza Rice AEBetako Estatu idazkariak nabarmendu zuen orain dela hamar urtetik susmatzen zutela Ipar Koreak arma nuklearrak zituela. Piongiangeko gobernua hurbilketarako aukerak galtzen ari zela ere esan zuen. «Konbentzitzeko dugun gaitasunarekin, AEBek eta beren aliatuek Ipar Korearen balizko eraso bati aurre egingo genioke».Bestetik, Ipar Koreak Txinan atxilotu eta beren estatuetara bueltan eramandako 70 iheslari exekutatu ditu. Hala salatu zuen atzo Seulgo (Hego Korea) Ipar Koreako Errefuxiatuei Laguntzeko Batzordeak. Erakunde horren arabera, iheslari horietako zortzi edo bederatzi joan den hilean exekutatu zituzten jendaurrean, Chongjin hirian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.