AEBek ezin diote bakarrik eutsi NATOren zama ekonomikoari. Leon Panetta AEBetako Defentsa idazkariak atzo argi utzi zien Bruselan bildutako aliantzako 28 Defentsa ministroei: «Oker dabiltza AEBetako defentsarako aurrekontua Aliantzako hutsuneak eta operazioak bere gain hartzeko adinakoa dela uste dutenak». Washingtonek gutxienez 45.000 milioi dolarreko mozketa egingo du datorren hamarkadarako, eta horrelako murrizketa batek Aliantzaren gaitasunean eragin dezakeela iragarri du Panettak. Horregatik, NATOn diru gehiago inbertitzeko eskatu die Europako aliatuei, «defentsa arloan sorpresak saihesteko».
Gainontzeko 27 aliatuak ere, dena den, egoera ekonomiko larrian daude: aurrekontuak gero eta gehiago murrizten dituzte. «Baina ezin dugu onartu herrialde bakoitzak bere kabuz erabakitzea segurtasun indarrak gutxitzearen inguruan, aliatuak kontuan izan gabe», adierazi du Panettak. Aliantzaren aurrekontuari dagokionez, garai zailak datozela esan du, eta koordinaziorako ahalegina egiteko deia egin du, baliabide gutxiagorekin defentsa handiagoa bermatzeko.
Diruaren karga hobeto banatzeaz gain, Libiako operazioak agerian utzi duen europarren hornidura falta ere konpondu beharra azpimarratu dute. «Europako aliatuek, Kanadak eta eskualdeko bazkideek jarri dituzte bitarteko gehienak, baina Libiako operazioaren arrakasta soilik AEBen esku dauden bitartekoei esker lortu dugu», ohartarazi du Anders Fogh Rasmussen NATOko idazkari nagusiak.
Jarraian, Europako aliatuen hornidura gabezien zerrenda egin du: helburu militarrak zehazteko adituak izatea, behar adinako armategiak izatea eta, batez ere, hegazkin hornitzaileak, inteligentzia, zaintza eta detekzio plataformak eta piloturik gabeko hegazkinak izatea. «Ezinbestekoa dugu hornidura horiek gureganatzea. Hornidura gabe, ez dago operaziorik. NATOren sinesgarritasuna bermatzeko, azkar eta eraginkortasunez erantzun behar diegu erronka berriei, eta eskura izan behar ditugu hornidura eta ahalmen guztiak», esan du Rasmussenek.
Horrez gain, aliantzako kideek Libiako misioa «behar adina luzatzea» erabaki dute; erregularki gainbegiratuko dute operazioaren iraupena, eta «ahal bezain laster» emango dute amaitutzat.
Misilen kontrako ezkutua
Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidenteak misilen kontrako NATOren ezkutuaren sisteman parte hartuko duela iragarri du; horretarako, Rotako itsasontzi basea eskaini du. Azken bi urteotan beste lau estatuk ere beraien lurra eskaini diote aliantzari misilen kontrako ezkutuak jartzeko: Poloniak, Errumaniak, Herbehereek eta Turkiak, hain zuzen.
«Pausoz pauso, misilen kontrako NATOren lurralde sistema sortzen ari da, eta 2018rako prest egotea espero dut», esan du Rasmussenek. NATOk urteak daramatza ezkutuaren proiektuarekin; George Bush AEBetako presidente ohia zen bultzatzaile sutsuenetako bat, eta Barack Obama presidenteak ere babesten du. Europa balizko erasoetatik babesteko sortu zuten sistema, baina Errusiak errezeloz hartu zuen, bere kontra erabil zitekeelakoan.
AEBek ezin diote NATOren zamari eutsi, eta Europari konpromisoa eskatu diote
Hornidura militarraren gabeziak betetzeko eskaria egin die Anders Fogh Rasmussenek Europako aliatuei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu