Talibanen kontrako borrokan, AEBek azkenaldian areagotu egin dute gidaririk gabeko hegazkinen edo dronen erabilera. Larunbatetik atzora, urrutirago joan gabe, 43 lagun hil dituzte Ipar eta Hego Waziristanen, ustez ekintzaileak gordetzen diren guneetan. Atzo, hamabost hil ziren; herenegun, hamar, eta larunbatean, zortzi. NATOk maiatzaren 20an bilera eginez gero zazpi eraso egin ditu, baina apirilean eta maiatzean ekintzen maiztasunak eta hildakoen kopuruak gora egin dute nabarmen.
Pakistanek itxita dauzka NATOren tropak hornitzeko Afganistanera dituen pasabideak, NATOk iazko azaroan Pakistango 24 polizia hil zituenetik, eta negoziatzen jarraitzen duten arren, dronen ekintzak oztopo direla berretsi du Asif Ali Zardari presidenteak; izan ere, ustezko ekintzaileen artean zibil asko hil dituzte, eta Zardari kexu da horrelako ekintzek talibanen gogoa berotzen dutela.
Negoziatzen ari diren bitartean, NATOk Kazakhstanekin, Uzbekistanekin eta Kirgizistanekin akordioa egin du lurralde horiek erabiltzeko, 2014an tropak Afganistandik atera bitartean. Gerrak sortzen duen garraioari Pakistanez den beste irtenbide batzuk izateko egin dute akordioa. Afganistandik materiala ateratzeko pasabideak dira, Anders Fogh Rasmussen aliantzaren idazkari nagusiak zehaztu duenez.
Pakistanekin harreman ona izatea ezinbestekoa da, ordea, Afganistango gerra amaitu nahi bada, baina ez dirudi AEBek dronen erasoaldiak bertan behera uzteko asmoa dutenik, ez behintzat TheNew York Times egunkariak kaleratutako informazioaren arabera. Erreportaje luze batean Barack Obama presidentearen estrategiaz mintzo da. Haren arabera, presidenteak berak erabakitzen du zuzenean dronen ekintzetan zein diren helburuak. Astero aurkezten diote atzemandako ustezko ekintzaileen zerrenda bat, eta banan-banan aztertu ondoren hartzen du erabakia.
The New York Times-ek dioenez, Obamak Etxe Zurian daramatzan hiru urteetan gidaririk gabeko hegazkinen 268 ekintza agindu ditu, Bushek zortzi urtean onartutakoak halako bost, eta 3.000 pertsona hil dira guztira, herenak zibilak; ume asko ere bai: gutxienez, 174. The Guardian egunkariarena da zibilen datua.
Susmagarriak
Obamak estrategia honi etekin gehiago ateratzen dio. Guantanamoren kontra dago, baina terrorismoaren kontrako borrokan gogor ari dela erakutsi behar du. Dronen bidez ez da AEBetako biktimarik gertatzen. Zibilak hilda ere (Pakistangoak) «albo kalteak» dira.
Baina hilketa prebentiboak dira, deliturik egon aurretik egindakoak eta ikerketa judizialik gabe. Dronek, milaka kilometrora zapaldutako botoi baten aginduari erantzunez jaurtitzen dituzten misil bortitzek, gainera, inguruan dagoen guztia harrapatzen dute, eta herrixkatan zibil asko hil dira modu horretara. Gertatu izan da hobi komunetan lurperatu behar izan dituztela gorpuzkinak, txikituta geratu izan direlako.
Dronak espioitzarako diseinatu zituzten hasiera batean, helburuak zaintzeko eta atzemateko, eta Vietnamgo gerraren ondoren hasi ziren erabiltzen, AEBetako hildakoak saihesteko asmoz. Irailaren 11z geroztik hasi ziren pertsonak hiltzeko erabiltzen. Afganistango eta Irakeko gerretan maizago erabiltzen hasi ziren, eta Yemenen eta Somalian Al-Qaedaren kontra ekiteko ere maiz erabiltzen dituzte. 2008an hasi ziren Pakistanen erabiltzen, ustez talibanen gotorlekuak direnak suntsitzeko. Obamak urte hasieran onartu zuen AEBek Pakistanen dronak erabiltzen zituela talibanak hiltzeko.
AEBek gidaririk gabeko hegazkinen erasoaldiak areagotu dituzte Pakistanen
Hiru egunean gutxienez 33 lagun hil dituzte Ipar eta Hego Waziristanen; apirilean eta maiatzean gora egin dute ekintzok
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu