AEBetako armadaren hegaldiak soilik irteten dira azken orduetan Kabulgo aireportutik. Etxe Zuriak iragarri du beste 500 estatubatuar ateratzeko tokia dutela oraindik, eta Joe Biden presidenteak zehaztu du horiekin batera atera ahalko dituztela AEBei lagundi dieten «hainbat afganiar» ere, azken horien kopurua zehaztu gabe. Hamid Karzai nazioarteko aireportua, ordea, gero eta hutsago dago. Talibanek zorroztu egin dituzte sarrera-irteerak, sartzea ia ezinezko egiteraino. Hala, Afganistandik irten nahi dutenek mugako pasabideetara jo dute, gehienbat Pakistan aldera. Bien bitartean, mundu osoko 95 estatuk hitzeman dute herrialdetik irten nahi dutenei lagunduko dietela AEBetako armada herrialdetik irten ostean ere.
Washingtonek bihar arteko epea du tropa herrialdetik ateratzeko. Hortik aurrera talibanen esku geratuko da segurtasuna. Miliziak, berriz, aurreratu du aste honetan iragarriko duela zein izango den herrialdean aginduko duen behin-behineko gobernua. Hainbat iturriren arabera, ministroen kontseilu bat osatuko lukete, eta Haibatullah Akhundzada izango litzateke haren buru, zeinak presidente batek baino eskumen gehiago izango lituzkeen, lidergo politikoa ez ezik, erlijiosoa ere berea izango litzatekeelako. Akhtar Mansurren albokoa zen Akhundzada, eta haren heriotzaren ondoren hartu zuen taldea zuzentzeko ardura.
Hiriburuan tentsioa da nagusi azken egunetan. Joan den ostegunean EI Estatu Islamikoaren Afganistango adarrak ia 200 lagun hil zituen eraso suizida batean, eta geroztik nazioarteko tropak alerta egoeran dira. Atzo iluntzean AEBetako armadak ustez lehergailuz beteta zegoen ibilgailu bat zartarazi zuen, eta erasoan gutxienez hamar pertsona hil dituzte, guztiak zibilak: besteak beste, hiru haur—. Talibanek gaitzetsi egin dute erasoa, eta salatu inongo potentziak ez duela eskumenik beste herrialde batean halako ekintzak egiteko, aurrez agintariekin hitz egin gabe.
Afganistango gobernu berriaren politikak zer-nolakoak izango diren ere argituz doa egunek aurrera egin ahala. Talibanek eurek berretsi dute aspaldian zurrumurru zena: neskak eta mutilek ezin izango dute ikastetxe beretara joan. Gobernuz kanpoko erakundeek salatu egin dute neurria, eta ohartarazi horrek esan nahi duela neskek ezin izango dutela unibertsitatera joan, ez dagoelako dirurik neskentzako unibertsitate bereiziak egiteko, eta, beraz, mutilek izango dutelako lehentasuna.
Egunerokoa ez da erraza izaten ari herrialdean geratu beste aukerarik izan ez dutenentzat. Talibanak boterera heldu zirenetik, soilik hiru egunez ireki dituzte bankuak, eta horietan ere herritar gutxi batzuek lortu ahal izan dute dirua ateratzea, eta soilik hiriburuan. Gaur, berriz, bulegoak itxita dauzkate, nahiz eta horien kanpoaldean jende andana pilatu den.
#AFG Hundreds of Afghans outside of the New Kabul Bank. Cash- crisis is causing panic among Afghans. pic.twitter.com/tQMtw2xYB3
— BILAL SARWARY (@bsarwary) August 30, 2021