Irango programa nuklearrak Mendebaldean sortutako erreakzioak eta Teheranek Ormuzko itsasartea ixteko egindako mehatxuak sortutako tentsio giroak ez du baretzeko itxurarik. Washington zuzenean Ali Khamenei Irango aiatolarekin paratu da harremanetan «komunikaziorako kanal sekretu baten bidez». Etxe Zuriak The New York Times egunkariari jakinarazi dionez, Teheranek Ormuz itxiko balu «marra gorria» gurutzatuko lukeela ohartarazi diote Irango buruzagi gorenari, eta AEBetako armada «erantzutera behartuta» egonen litzatekeela mehatxu egin diote. Etxe Zuria zuzenean Khameneirekin harremanetan paratzea ez-ohiko jokaera da, Iranen iraultza islamikoa gertatu zenetik (1979) bi herrialdeek ez dutelako harreman diplomatikorik elkarrekin.
Bi herrialdeen arteko balizko gatazka batek, ordea, alde gehiagori eraginen lieke, eta munduko potentzia nagusiak erne daude Ormuzen zer gertatuko. Errusiak, adibidez, erran du gerra lehertzea bere segurtasunarentzat «mehatxua» litzatekeela. Moskuk NATOn duen enbaxadore Dimitri Rogozinek adierazi du Iranek «seguru sentitzeko» eskubidea duela, eta alde guztiei lasaitasuna eskatu die. Gennadi Gatilov Atzerri ministrordeak, berriz, ohartarazi du programa nuklearra dela-eta Teheranen aurka zigor gehiago sustatzeak eta «eraso militar bat egiteko aukerak» Iranen erregimen aldaketa bat bultzatzeko asmoa dagoela pentsaraziko diola nazioarteari. Nikolai Patruxev Kremlinen Segurtasun Kontseiluko buruaren ustez, Israel ari da Irani erasotzeko AEBak xaxatzen. Izan ere, iazko azaroan Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak adierazi zuen euren kabuz Irani erasotzeko aukera aztertzen ari zela, eta 2010ean ere gauza bera adierazi zion AEBetako Gobernuari bilera batean.
Hala ere, Gatilov Errusiako Atzerri ministrordeak berretsi du Moskuk gaizki hartu duela Teheranek Fordoko zentralean uranioa %20 aberastu izana. Iran nazioarteak eskatutakoari «entzungor» egiten ari dela adierazi du Gatilovek. NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluaren hurrengo bileran, baina, printzipioz ez direla gaiari buruz mintzatuko jakinarazi du. Errusiak eta Txinak lau aldiz eman diete oniritzia Segurtasun Kontseiluan Iranen aurkako zigorrei, IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziarekin hartutako konpromisoak bete ez dituelakoan. Iragan azaroan, ordea, Mendebaldeko blokeari aurre eginez, Moskuk eta Pekinek jakinarazi zuten ez zituztela onartuko zigor gehiago.
EB Europako Batasunak, berriz, hilaren 23an eginen du AEBen azken zigor saioa sostengatu ala ez erabakitzeko bilera. Frantzia izan da horren sustatzaile nagusia, eta zigorren aldeko akordiorako oinarri bat egina dute EBko estatuek.
Urte hasiera gatazkatsua
Urtea hasi denetik, egunero izan da AEBen eta Iranen arteko harremana are gehiago gaiztotzen duen ekintzaren bat edo keinuren bat. Iranen programa nuklearrak helburu militarrak dituela argudiatuta, AEBek zigorrak gogortu eta Irango Banku Zentralaren aurka jotzea erabaki dute, herrialdearen petrolio esportazioak oztopatzeko, Irango Estatuaren diru sarrera nagusia baitira esportazio horiek. Horri erantzunez, Teheranek Ormuzko itsasartea ixteko mehatxua egin zuen, eta, horretarako gai dela erakusteko, ariketa militarrak egin zituen iazko urte amaieratik honen hasierara arte. Munduan kontsumitzen den petrolioaren %40 igarotzen da Ormuztik, eta nagusiki Ipar Amerikako, Europako mendebaldeko eta Asiako ekialdeko herrialdeek jasotzen dute hori; beraz, itsasartea ixteak mundu mailako krisia eraginen luke.
Kontuan hartzeko egun bat hil honen 28a izanen da. IAEAk iragarri du egun horretarako berriz ere ordezkaritza bat bidaliko duela Iranera. Rafael Grossi erakundeko buruzagiordeak eta Herman Nackaerts inspektoreburuak zuzenduko dute ordezkaritza. Haien eginkizun zehatzari buruz, ordea, ez dute argibide handirik eman. Bertze bisita bat egiteko proposamena Teheranek berak egin zion IAEAri. Erakunde horrek azaroan argitaratu zuen azken txostenean ez zuen egiaztatu Iranek arma nuklearrak zituela, baina asmo horrekin lanean aritzea egotzi zion. Horren eraginez, Israelek eta AEBek mehatxu egin zioten Irani.
Zientzialariaren hilketa
Hain zuzen, Teheranek bi herrialde horiek eta Erresuma Batua egin ditu Mustafa Ahmadi-Roxan zientzialari nuklearraren hilketaren errudun. Iragan asteazkenean hil zuten, haren autoari bonba bat atxikita. Leon Panetta AEBetako Defentsa idazkariak hilketarekin zerikusia dutela ukatu du, baina erran du erasoaren erantzulea nor izan daitekeen «ideiaren bat» dutela. Iranen programa nuklearrarekin zerikusia izateagatik bi urtean hil duten laugarren zientzialaria izan da Ahmadi-Roxan. Haren hiletan milaka lagun elkartu ziren atzo Teheranen. Khamenei aiatolak erran du egileak eta «haien laguntzaileak» zigortuko dituztela.
AEBek mehatxu zuzena egin diote Ali Khamenei Irango aiatolari
Teheranek Ormuzko itsasartea ixteko erabakia hartuz gero, Washingtonek «erantzun» eginen duela ohartarazi dioErrusiak erran du gerra lehertzea bere segurtasunarentzat «mehatxua» dela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu