Condoleezza Rice AEBetako Estatu idazkariak eta Radoslaw Sikorski Poloniako Atzerri ministroak AEBek misilen aurkako ezkutua Polonian ezartzea hitzartu dute. Errusiak hitzarmena “mehatxu zuzena” dela adierazi du, eta gogor defendatu du proiektuaren kontrako jarrera. Ituna sinatu baino lehenago, Ricek Polonia Washingtonen aliaturik garrantzitsuenetarikoa dela adierazi du.
Misilen aurkako ezkutua Polonia ezartzeko lehen pausua eman da gaur. Iturri ofizialek jakinarazi dutenez, herrialdearen iparraldean kokatuko da, Baltiko itsasoaren ondoan. Gainera, Txekian egongo den misilen aurkakoradarrarekin komunikatuta egongo dira.
Donald Tusk Poloniako lehen ministroak jakinarazi duenez, AEBekin sinatutako hitzarmenaren bitartez herrialdearen segurtasuna bermatzen da. Hala ere, proiektuaren kontra daudenen aburuz, gaurtik aurrera, Polonia erasoen helburu izango da.
Horren guztiaren inguruan bestelako ikuspuntua du Errusiak. Izan ere, misilen aurkako ezkutua beren kontrako mehatxu gisa ikusten du. Ricek argi utzi nahi izan du misilak defentsa estrategia besterik ez direla, eta ez dutela herrialde zehatz bat hartu jomugan. Dena dela, Errusia armada berramartzen ari da Kaliningradon, Poloniarekin eta Lituaniarekin duen mugan. Hainbat komunikabideren arabera, inguru horretan datozen hilabeteetan arma nuklearrak ezar ditzake Errusiak.
Gaur sinatutako akordioa lortu ahal izateko hemezortzi hilabetez aritu dira bi herrialdeak negoziaketetan. Tusk Poloniako lehen ministroak misilen aurkako ezkutua hartuko zutela agindu zuen, baldin eta AEBek laguntza militarra ematen bazien. Azkenean, Bushen gobernuak eskakizuna onartu egin du, eta Polonian Patriot misilen bateriak ezarriko dituzte.
Hainbat aditu militarren arabera, Patriot-ak sinbolo politikoak besterik ez dira. Beren ustez, teknikoki arma hori baino indartsuagoak behar dira aireko segurtasuna bermatzeko. Gainera, misilen aurkako ezkutuaren fidagarritasuna ere zalantzan jarri dute.
Mundua
AEBek Polonian ezarriko dute misilen aurkako ezkutua
Hemezortzi hilabete negoziatzen igaro eta gero akordioa lortu dute. Polonia iparraldean, Baltiko itsasoaren ondoan, kokatuko dituzte misilen aurkako azpiegiturak eta 2012rako martxan izango dira. Errusiak “mehatxu zuzentzat” hartu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu