AEBek Somaliako milizia bateko buruzagia eta beste 30 lagun hil dituzte bonbardaketa batean

Al Kaedako Somaliako buruzagi izatea egozten diote AEBek erasoan hildako milizianoen buruari

2008ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Aden Hashi Ayro Somaliako Shabaab milizia islamisten buruzagia hil zuten atzo AEB Ameriketako Estatu Batuek, herrialdean egindako aire erasoan. «Al Kaedako gune ezagun baten eta Somaliako miliziako buruzagiaren aurkako erasoa izan da», adierazi du Bob Prucha AEBetako armadako bozeramaileak. Ayroz gain, bonbardaketetan beste 30 bat kide hil eta hamabost zauritu dira, Dusamarebeko agintariak ziurtatu duenez. Besteak beste, Mohamud Omar milizia horretako buruzagietako bat bizia galdu dutenen artean dago.

«Sinesgabeek bonbardatu dute Dusamareb», adierazi du bere aldetik Mukhtar Robow Adumansur Shabaabeko eledunak. Ayroren bizilekuaren aurka egin dute eraso AEBek, etaAdumnasurrek azaldu duenez, bonbardaketak hasi zirenean, denak lotan ziren. Shabaabeko eledunak mendekua agindu du, bai AEBen, baita bere aliatuen aurka ere.

«Leherketa handi bat entzun genuen, eta kanpora lasterka irten ginenean etxetik ke ilarak eta su-garrak ateratzen ikusi genituen», azaldu du Dusmarebeko bizilagun batek. «Etxea erabat suntsituta zegoen, baita inguruko guztiak ere». Bonbardaketek 25 etxe hondakin bihurtu zituzten.



SHABAAB MILIZIA. Ahmed Mahdi herri horretako ospitaleko mediku batek hildakoen artean zortzi zibil egon daitezkeela eta, kezka agertu du. Bizia galdu dutenen artean haurrak eta emakumeak ere egon daitezkeela adierazi du.

AEBetako segurtasun eta inteligentzia zerbitzuen arabera, Ayro ezkutuan mantendu da, iazko urtarrilean AEBetako aire eraso batetik bizirik irtetea lortu zuenetik. Al Kaedaren aliatutzat jotzen ditu Washingtonek miliziano horiek, nahiz eta askoren ustez, bi talde armatu horien arteko harremana ezinezkoa den frogatzea.Milizianoek ere ukatu egin dute Al Kaedarekin batera aritzen direnik.

Ameriketako Estatu Batuek talde terroristatzat jotzen du Shabaab Somaliako milizia. 2006an herrialdeko ekialdea eta hegoaldea kontrolpean izan zuen UIC Auzitegi Islamikoen Batasuneko adar militarra izan zen. Baina, iaz, Etiopiako soldaduek UICagintetik kentzea lortu zutenean, Shabaab miliziek ihes egin zuten eremu horietatik. Ordutik, Somaliako Gobernuaren eta horren aliatu diren Etiopiako soldaduen aurka ekin diote miliziako kide gazteenek. Azken aldian, Afrikako Batasuneko bake misioko soldaduak ere miliziano islamisten jomuga izan dira maiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.