Abdul Gani Baradar, talibanen aginteko buruzagi nagusietako bat, duela hamar bat egun atzeman zuten Pakistango Karachi hirian. Hala zabaldu zuten atzo AEBetako eta Pakistango militarburuek The New York Times egunkariaren bitartez. Egunkari horren arabera, AEBek isilean eduki dute operazioa, ekintzaileen artean izua zabaldu eta beste buruzagiak ezkuta ez zitezen. Atzo, ordea, jakinarazi zuten berria: Afganistanen atzerriko tropen aurkako erasoen arduradun nagusia Pakistango zerbitzu sekretuen esku zegoen. Etxe Zuriaren arabera, zerbitzu sekretuek hartu dute Baradar preso, eta horiek berak ari dira hura galdekatzen -Barack Obamak, agintaldia hasi zuenean, debekatu egin zuen tortura erabiltzea galdeketetan, baina Pakistanen ohikoak dira tratu txarrak-.
Washingtonek atxiloketa goraipatu egin zuen, baina, Pakistango Barne ministro Rehman Malikek «propagandatzat» jo zuen albistea. «The New York Times-ek informazioa emateak ez du esan nahi egia borobila denik, oker egon daiteke. Pakistanek informazioa partekatzen du AEBekin, baina ez sarekadak edo ikerketak. Estatu subiranoa gara, eta ez diogu inori utziko hona etorri eta operazioak egiten». Bide beretik, Malikek nabarmendu zuen atxilotutako guztiak identifikatzeko lanak hasi zituztela, eta tartean «buruzagi garrantzitsuren bat» egonez gero jakinaraziko zutela. Dena den, Pakistango zerbitzu sekretuetako buru izandakoak, Hamid Gulek, ohartarazi du Baradar atxilotzeak ez duela esan nahi talibanek amore emango dutenik, «haiena ez da buru bakarreko erakundea».
AEBetako zerbitzu sekretuen arabera, soilik Muhammad Omar Mula -Osama Bin Ladenen gertukoa- zegoen Baradarren gainetik. Oruzganen jaiotako 42 urteko buruzagi horrek esana da «pozgarria» zela AEBek Afganistanera soldadu gehiago bidali izana, talibanen helburua «ahalik eta kalterik handiena eragitea» izan delako hasieratik.
Arreta desbideratzea helburu
Washingtonek maiz egotzi izan dio Islamabadi talibanei laguntzea. Terrorismoaren aurkako gerran, Pakistanen jarrera arriskutsutzat jotzen zuen hark. Afganistango Defentsa ministrorde izandakoaren kasuan ere, CIAk dio Pakistango zerbitzu sekretuek bazutela informazioa hura lehenago atxilotzeko, baina ez zutela ezer egin. Zerbitzu sekretuen arabera, ordea, Etxe Zuriarengandik jasotako datuak okerrak zirelako ez zuten lehenago atxilotu.
Batera izan edo bestera izan, atxiloketaren berri Mushtarak operazioarekin batera eman izana Washingtonen mesederako da. Obamaren Afganistanerako estrategiak arrakasta izango badu, herritarren eta Gobernuaren sostengua lortu, eta ekintzaile talibanen indarra nabarmen murriztu behar dute; soilik horrela jarri ahalko dutelako handik ateratzen hasteko data.
Aldiz, talibanek gezurtatu egin dute atxiloketa. «Marjako erasoalditik arreta desbideratzeko atzerriko indarrek zabaldutako zurrumurrua besterik ez da hori. Ez da egia Baradar atxilotu dutenik. Hura seguru eta aske dago Afganistanen», adierazi du Zabiula Mujahid talibanen eledunak. Hain zuzen, NATOko iturrien arabera, joan den larunbatean operazioa hasi zutenetik 30 bat ekintzaile hil dituzte, eta beste hainbestek ihes egin dute Helmandik. Hala ere, ekintzaileek inguruetan jarritako pertsonen aurkako minek zaildu egiten dute erasoaldia.
Hiru edo lau egun gehiago
Oztopoak oztopo, NATOko etaAEBetako armadaburuek uste dute borrokak hiru edo lau egunen buruan amaituko direla. Horien arabera, hilda edo atxilotuta ez dauden ekintzaile taliban gehienek ihes egin dute dagoeneko Marjatik. Hala ere, uste baino arazo gehiago ari dira izaten. «Ehunka mina aurkitu ditugu inguruetan. Espero genituenak baino gehiago dira. Lan zaila da guztiak indargabetzea», azaldu du Afganistango soldaduen buru Besmila Khanek.
Borrokak hasi zirenetik 1.240 familiak egin dute ihes Helmandik. Denek ez dute, ordea, zorte bera izan. Atzo bertan hiru zibil hil ziren Marjako inguruetan. Iturri ofizialen arabera, ekintzaileekin nahastu zituzten, eta tiroz hil zituzten hirurak. Asteburuan, beste hamabi zibil hil ziren AEBetako indarren bonbardaketa batean. Lehenago aurkakoa esan bazuten ere, Erresuma Batuko jeneral batek ukatu egin zuen atzo bonbardaketa hartan hutsegiterik egin zutenik. Nick Carterren esanetan, bonbardatutako eraikinean ekintzaileak zeuden ezkutatuta, eta horregatik eraso zioten. «Ziurrenik hildakoen artean ekintzaileren bat egongo da». Horiek hala, ordutik etenda zeuden bonbardaketak berriz hasteko agindu dute.
Gune estrategikoa da Marja. Talibanen kontrolpean dagoen hiri handiena da hura, eta bertan ekoizten da Afganistandik irteten den opioaren zati handiena. Horretaz gain, Helmand ibaiaren ondoan dago. Ibaiak 1.200 kilometroko bidea egiten du eta bertako urei esker bizi dira Sistan eta Balutxistango -Iran- nekazariak.
AEBek talibanen burua atxilotu dutela ukatu egin du Pakistanek
Abdul Gani Baradar Defentsa ministrordea izan zen talibanen agintaldian; Baradarrek aske jarraitzen duela adierazi dute haiek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu