Estatu Islamikoa

AEBek tropak bidaliko dituzte Siriara eta Irakera

Ashton Carter Defentsa idazkariak jakinarazi du Estatu Islamikoa Mosuldik eta Raqqatik bidaltzeko lurreko erasoaldian parte hartuko dutela. Frantziak, berriz, asmoa du larrialdi egoerari otsailetik aitzinera ere eusteko.

Nazioarteko indarren bonbardaketek Damaskon eragindako txikizioa. MOHAMMED BADRA, EFE
mikel rodriguez
2016ko urtarrilaren 22a
18:35
Entzun

"Bi toki horietan suntsitu behar ditugu, eta hori prestatzen hasi nahiko nuke lehenbailehen". Ashton Carter AEBetako Defentsa idazkariak Davosen (Suitza) jakinarazi du AEBek lurreko tropak bidaliko dituztela Siriara eta Irakera, Raqqa eta Mosul berreskuratzeko erasoaldian parte hartzeko —EIk konkistatuta dauzkan hiri nagusiak dira—. Hala ere, zehaztu du "bertako indarrek" zuzenduko dituztela erasoaldiak, eta AEBetako soldaduek ez dituztela horiek "ordezkatuko". Carterrek erran du Irakeko eta Siriako erasoaldiak bakoitza bere kontutik antolatuko dituztela.

AEBak 2014ko abuztuan hasi ziren Iraken esku hartzen EIren aurka, eta urte bereko irailean, berriz, Sirian. Barack Obama presidenteak azaldutako estrategiaren arabera, aireko erasoak eta Irakeko eta Siriako aliatuei laguntza ematea izanen zen estrategia hori, eta erran zuen lurreko tropak bidaltzea gurutzatuko ez zuen "marra gorria" izanen zela. Iaztik, baina, armadako eliteko taldeek parte hartu dute EIren aurkako eraso zehatzetan.

Frantziako larrialdi egoera

Frantzian, berriz, Manuel Valls lehen ministroak adierazi du larrialdi egoera hasieran zehaztutako epea baino gehiago luzatu beharko litzatekeela, "Daex-engandik libratu arte" —arabieraz, EIren akronimoa da Daex—. BBCri eman dion elkarrizketa batean adierazi du "beharrezkoa den denbora guztian" luzatu beharko litzatekeela larrialdi egoera. "Mehatxua hor dagoen bitartean, eskura daukagun guztia erabili behar dugu".

Otsailaren 26an bukatzekoa da larrialdi egoera. Azaroaren 13ko atentatuen ondoren ezarri zuen gobernuak. Egun horretan, EIk 130 lagun hil zituen Parisen.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.