Donald Trump AEBetako presidentearen kanpainako promesetako bat zen Iranekin egindako akordio nuklearra baliogabetzea, eta, behin presidente kargua hartuta, itunaren sinatzaileei esan zien hitzartutakoaren edukia aldatzeko, bestela AEBak erretiratu egingo zituela. Maiatzaren 12ra arteko epea ezarri zuen, eta gaur eman du ituna hausteko erabakiaren berri.
Trumpen esanetan, ituna ez zen "sekula" sinatu behar. "Ez du lasaitasuna ekarri, ez du bakea ekarri", adierazi du. Argudiatu duenez, akordioak indarrean jarraitzen badu arma nuklearrak garatzeko lasterketa hasiko da Ekialde Hurbilean. "Mundu guztiak nahiko ditu armak prest izan, Iranek bereak prest dituenerako".
Trumpek salatu du Irango akordio nuklearra gezur batean oinarritzen dela: "erregimen hiltzaileak helburu baketsuetarako nahi zuela soilik programa nuklearra". Ziurtatu duenez, Israelek berriki aurkeztutako dokumentuek frogatzen dute Iranen benetako helburua ez dela baketsua.
Ituna haustearekin batera, Iraneni "maila goreneko" zigor ekonomikoak ezartzeko dekretua gaur bertan sinatuko duela iragarri du, eta zigorrak indarrean berehala jarriko direla ziurtatu du AEBetako presidenteak.
Iranek akordio berri bat sinatzeko borondatea baldin badu, "Iranentzako eta Ekialde Hurbileko egonkortasunarentzako gauza handiak" gertatuko direla adierazi du Trumpek. Aldiz, herrialdeak egitasmo nuklearrak garatzeko asmoari eusten badio, "inoiz izan dituenak baino arazo handiagoak" izango dituela ohartarazi du.
Iranek ukatu egin ditu AEBren akusazioak, eta "onartezin" jo du Trumpek iragarritako erabakia. "Ez dugu ezer okerrik egin eta onartezina da AEBak [akordiotik] erretiratzea", salatu du Hasan Rohani Irango presidenteak telebista bidez zabaldu duen mezuan. Rohanik gaineratu du Iranek akordioan jarraituko duela bere interesak bermatzen badira. "Pazientziaz jokatu behar dugu eta gainontzeko herrialdeek nolako jarrera hartzen duten ikusi".
Itun nuklearra 2015ean sinatu zuten Iranek, AEBek, Alemaniak, Erresuma Batuak, Errusiak, Frantziak eta Txinak. Horren arabera, Iranek onartu zuen programa nuklearra helburu zibilekin eta nazioarteak gainbegiratuta egitea, eta beste herrialdeek zigorrak kendu zizkioten.
Ituna sinatu duten gainerako herrialdeek akordioari eusteko borondatea agertu dute, eta itunean jarraitzeko eskatu diote Trumpi Emmanuel Macron Frantziako presidenteak, Angela Merkel Alemaniako presidenteak eta Boris Johnson Erresuma Batuko Atzerri ministroak.
AEBetako presidentea Frantziakoarekin bildu da, gaur goizean, Irango akordio nuklearra utziko duela jakinarazi aurretik. Macronek adierazi duenez, Frantziak, Alemaniak eta Erresuma Batuak atsekabez hartu dute AEBen erabakia.
France, Germany, and the UK regret the U.S. decision to leave the JCPOA. The nuclear non-proliferation regime is at stake.
— Emmanuel Macron (@EmmanuelMacron) 2018(e)ko maiatzaren 8(a)
Trumpek Iranekiko hartu duen erabakia Ipar Korearentzako mezua ere izan daiteke. Izan ere, Piongiangi esana dio arma nuklearren erabateko indargabetzea galdegingo duela akordio bat sinatu ahal izateko.
Hain zuzen, AEBetako presidenteak jakinarazi du Mike Pompeo Estatu idazkaria Ipar Koreara bidean zela, gaur iluntzean, Trumpen eta Kim Jong-unen arteko bileraren prestaketa lanei heltzeko.