AEBen Afganistango estrategia baldintzatuko duela jakinarazi du Karzaik

Washingtonek 2014an tropak atera aurretiko egoeraz aritu da presidentea leinuetako 2.000 kideren aurrean

Ane Urrutikoetxea.
2011ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Afganistanen leku estrategiko bat eraiki nahi dute AEBek, 2014an armada herrialdetik atera bezain laster. Hamid Karzai Afganistango presidenteari armada trebatzeko laguntza eta aireko azpiegiturak eskaini dizkiote, herrialdean base militar bat eraikikitzearen truke. Karzaik baldintzak jarri nahi izan dizkio Washingtoni. Loja jirga Afganistango batzar tradizionaleko lehen egunean 2.000 politikari, tribuetako buruzagi eta ekintzaile bildu dira, eta Karzaik AEBekin elkarlan estrategikoa nahi duela adierazi du, eta zibilen kontrako erasoak eta atxiloketak amaitzeko eskatu du. Horrez gain, talibanekin bake akordioa lortzeko iradokizunak egin ditzaten eskatu die Karzaik loja jirga-n bildutako 2.000 buruzagi tribal, politikari eta ekintzaileei.

Karzaik onartu du Afganistanek AEBen laguntza behar dutela: «Laguntza behar al dugu? Bai, noski. Baina ez edozein balditzatan». Hala, AEBek gauean egindako erasoak gelditzea akordioa lortzeko baldintzatzat jarri du Karzaik: «AEBek base estrategikoak eduki nahi ditu gure herrialdean, baina hori lortzeko bidebakarra gure etxeei erasotzeari uztea da». Horretaz gain, Afganistango herritarrak atxilotzeari uzteko eskatu du Karzaik, hori «barne arazoa» dela argudiatuta.

Afganistango presidenteak subiranotasuna ere aldarrikatudu. Etorkizuneko harremanak «bi herrialde independenteren artean» izatea nahi du Karzaik. «Erabateko subiranotasuna nahi dugu, eta berehala. Soilik herrialde independentea izatean elkartuko gara AEBekin. Egonkortasuna nahi dugu. AEBak herrialde aberatsa dira, baina gu lehoiak gara, eta lehoiek ez dute gogoko gainontzeko animaliak beren gotorlekuetan sartzea».

Akordioa erabat eginda ez badago ere, AEBak prest daude Afganistango armadari laguntza eskaintzeko, aireko azpiegiturak emanez eta argibide zerbitzuak eskainiz. Karzaik laguntza hori onartu du: «AEBek azpiegitura militarrak nahi dituzte, eta eman egingo dizkiegu. Gure herrialdeari interesatzen zaizkio azpiegitura horiek, alde batetik, dirua erakarriko dutelako, eta, bestetik, gure soldaduak entrenatzeko balioko dutelako».

Karzaik adierazi du antzeko akordioak egin nahi dituela Erresuma Batuarekin, Frantziarekin, Australiarekin eta Europako Batasunarekin. Dena den, Txina eta Errusia auzoko herrialdeei adierazi die akordio horiek ez dutela haien arteko «adiskidetasun loturak» apurtuko.

Bestalde, talibanen auzia ere eztabaidatu dute loja jirga-n. Talibanekin bakea lortzeko ideiak adierazteko eskatu die Karzaik bertaratutako politikari eta ekintzaileei: «Talibanekin bakea lortzeko hartu beharreko bidea denon artean erabakiko dugu».Bake prozesua hautsi egin zen irailean, talibanek Burhanudin Rabbani presidente ohia eta elkarrizketak bideratzeko arduraduna hil zutenean.

Hildakoak Pakistanen

Pakistanekin azkeneko hilabeteetan izandako tentsioak baretu nahian, auzoko herrialdeekin «harreman ezin hobea» duela nabarmendu du Karzaik loja jirga-n: «Afganistanen bakea lortzeko bide bakarra Pakistan da». Afganistango presidentearen arabera, AEBekin lortutako akordioa ez dute inguruko herrialdeen aurka egiteko erabiliko, eta ez dute AEBen erasorik babestuko.

Atzo, hain zuzen, piloturik gabeko AEBen hegazkin batek gutxienez hamasei taliban hil zituen Pakistanen, Afganistango mugatik gertu. Hegazkinak hamalau misil bota zituen Hego Waziristanen, eta talibanen bi gotorleku suntsitu. Pakistanek askotan eskatu du piloturik gabeko hegazkinik ez erabiltzeko.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.