AEBen arabera, urtebeteren buruan Iranek bonba nuklearra eduki dezake

Europako Batasuneko herrialdeei «aurki» petrolio esportazioak etengo dizkie Teheranek

Erredakzioa
2012ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Ultimatum kutsua hartu dute Leon Panetta AEBetako Defentsa idazkariak Irani buruz egindako azken adierazpenek. «Hala erabakitzen badute, litekeena da urtebeteren buruan bonba bat ekoizteko gai izatea, eta bertze urtebeteren edo biren buruan hura garraiatzeko ibilgailu bat izatea». Hori eginez gero, Iranek «marra gorria» gurutzatuko lukeela ohartarazi du Panettak. «Arma nuklearra garatzeko proiektuarekin aitzinera segitzen badute, eta hala ari badira jakinen dugu inteligentzia iturrietatik, geldiarazteko beharrezko neurri guztiak hartuko ditugu». Israel ere iritzi berekoa dela erran du Panettak, eta bi herrialdeek Iranekiko «helburu komuna» dutela.

Iranen programa nuklearra dela-eta AEBek orain arte hartutako neurri gogorrena Teheranen petrolio esportazioei ezarritako debekua da. EB Europako Batasuneko herrialdeek ere bat egin dute debeku horrekin. Iranek ere, baina, presio egiteko dituen aukerak baliatu ditu. Adibidez, Rostam Qasemi Petrolio ministroak jakinarazi du «aurki» petrolio esportazio guztiak etengo dizkietela «herrialde batzuei». EBko herrialdeak dira horiek. Izan ere, Bruselak uztailaren 1era arteko epea eman die estatu kideei Irandik egindako inportazioak eten eta alternatibak bilatzeko. Teheranek, ordea, esportazioak berehala eteteko mehatxua egin du, horrek erregaiaren prezioa kolpean igoko lukeelako Europan. Iranen bertze mehatxu nagusia Ormuzko itsasartea ixtea da, Persiar golkoko petrolio esportazio guztiak trabatzeko. GCC Golkoko Lankidetzarako Kontseilua osatzen duten herrialdeek, baina, itsasartea ixtea saihesteko «plan bat» dutela jakinarazi dute.

IAEAren bisita

Gaur da bukatzekoa IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak Iranera egindako bisita. Parviz Sorouri parlamentuko Segurtasun Nazionalerako eta Atzerri Politikarako Batzordeko kidearen ustez, auzi nuklearrean Teheranek duen «borondate ona» erakusten du agintariek IAEAren bisita onartu izanak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.