AEBen aurkako protesta oldea piztu du Mahomaren inguruko bideoak

Washingtonek Yemenen duen enbaxadari eraso diote manifestariek, eta Egipton 200dik goiti lagun zauritu dira liskarretanLibian enbaxadorea hil ondoren, Obamak gerraontziak eta marine talde bat bidali ditu

mikel rodriguez
2012ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Garai zailean lehertu zaio Barack Obamari Mahomari buruzko filmak sortutako protesta eta eraso oldea. Hauteskundeetarako hilabete eta erdi falta duela, Siriako gatazka ia erabateko gerra bihurtuta, Baxar al-Assaden arerioak nazioarteko esku hartze baten aldeko mezuak gogortzen ari direnean eta Irani erasotzeko mehatxuak oraindik ere bizirik dirauenean. Herenegun Libian AEBetako enbaxadorea hil ondoren, auzia nazioarteko agendaren lehen lerroan kokatu da. Washingtonek bi gerraontzi eta marine talde berezi bat bidali ditu Libiara, baina protestak zeharo hedatu dira, eta Egipton eta Yemenen ere AEBen enbaxadei eraso diete. Etxean, berriz, Obama presidentetzarako kanpainan dago, eta hori hasieratik baliatu du Romneyk presidentea lehen erantzunean ustez ahula izan dela agerrarazteko.

Egipton duela hiru egun protestan ari zen talde batek AEBek Kairon duten enbaxadara sartu eta bandera kentzea ere lortu zuen. Ordutik, kanpoaldean kanpatuta egon dira, eta atzo istilu larriak piztu ziren Poliziak inguruetatik bidali nahi izan zituenean. Osasun Ministerioaren arabera, 224 lagun zauritu ziren liskarretan. Yemenen, berriz, Egipton hiru egun lehenago egin bezala, AEBetako enbaxadan sartzea lortu zuten atzo protestan ari zirenek, eta bandera erre zuten. Poliziak, ordea, jendetza eraikinetik bidali zuen. BBCren arabera, negar gasa eta ur kanoiak erabili zituzten poliziek, eta airera ere tiro egin zuten. Manifestariek, berriz, inguruan zeuden hainbat auto erre zituzten. Efe agentziak ospitaleetako iturriak aipatuta jakinarazi duenez, lagun bat hil zen liskarretan, eta gutxienez 30 zauritu.

Lau atxilotu Libian

Libiako enbaxadorea hil eta berehala gogor agertu nahi izan du Obamak, bi gerraontzi herrialde horretako kostara bidaliz. Gainera, Libian dituzten diplomatikoak babesteko «terrorismoaren aurkako» marine talde berezi bat du. Enbaxadorearen eta bertze hiru funtzionarioren hilketagatik «justizia» eginen zela agindu zuen Obamak. Oraingoz ez daAEBen esku hartze baten berririk izan, baina Libiako agintariek jakinarazi dute lau lagun atxilotu dituztela erasoarekin zerikusia izan dezaketelakoan. Fawzi Wanis Libiako Segurtasun arduradunak Muammar Gaddafiren jarraitzaileei egotzi zien erasoa hasieran, baina Mendebaldeko iturri gehienak muturreko islamistei begira ari ziren atzo.

«Profetaren aurkako irainak»

Hillary Clinton AEBetako Estatu idazkariak bezperan filmaren aurka egindako kritikak berretsi ditu, eta AEBetako Gobernuak deus ikusteko ez duela erran du. «Baina ez dugu inor atxilotzen bere ikuspuntua azaltzeagatik», zehaztu du. Horregatik, «edozein buruzagi arduratsuk» indarkeria gaitzetsi beharko lukeela erran du. Yemengo eta, batez ere, Egiptoko presidenteei egindako deia izan da. Izan ere, Egipton Hosni Mubarak agintetik kendu zutenetik, AEBek aliatu erabakigarri bat galtzeko aukera ikusten dute, are gehiago Anaia Musulmanak indar politiko nagusia bilakatu direnetik. Filmaren inguruko protestek are gehiago zaildu dezakete Washingtonen posizioa. Mohamed Mursik enbaxadak eta turistak babestuko dituela hitzeman du Bruselara egindako bisitan, eta «profetaren aurkako irainak» gogor gaitzetsi ditu.

Marokon, Jordanian, Sudanen, Iraken, Iranen, Afganistanen eta bertze hainbat herrialde musulmanetan ere piztu dira AEBen aurkako protestak. Horiek eragin dituen bideoa uztailean jarri zuen Youtube atarian Sam Bacile delako erabiltzaileak, ingelesez. Musulmanen inozentzia izeneko filmaren trailerra da. Bertan, Mahoma iruzurgile eta emakumezaletzat agertu dute, eta sexu harremanak izaten ere irudikatu dute. Filmaren zuzendaria nor den ez dute argitu, ezta bertsio oso bat existitzen denik ere. AEBetako hedabideek argitaratu dute Kaliforniako kristau talde eskuindar islamofoboek hedatu dutela eta Egiptoko koptoen diasporako taldeek eta Terry Jones apaiz protestante ezagunak ere filmarekin zerikusia dutela. Hil honen hasieran trailerra arabierazko bertsioan jarri dutenean eztanda egin du denak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.