Chris Stevens AEBen Libiako enbaxadorea hil dute Washingtonek Libiako Bengazi hirian duen kontsulatuari erasota. AEBetan, Mahoma eta Islama kritikatzen dituen bideo bat argitaratu dute, eta hari erantzuteko protestaren ondoren sortu dira iskanbilak Libiako herritarren eta AEBetako ordezkarien artean. Wanis al-Xarf Libia ekialderako Barne ministrordeak azaldu du «lagun armatu batzuek» eraso diotela kontsulatuari, eta Muammar Gaddafi koronel zenaren aldekoei egotzi die atentatuaren erantzukizuna.
Fawzi Wanis Libiako Segurtasunaren Goi Batzordeko arduradunak, berriz, zehaztu du kontsulatuko zaindariek egin zietela lehenengo tiro manifestariei eta horrek egoera okertu zuela. Protestetan parte hartzen ari ziren herritarren artean «era orotako kriminalak eta gaizkileak» zeuden, Wanisen arabera, eta horiek sartu ziren kontsulatura, eraikinari su emateko. Hain justu, Wanisek azaldu du sutearengatik itota hil dela Stevens, eta militarretako bat tiroz hil dutela. Ondoren, NATOko soldaduak hildakoen gorpuak jasotzera hurbildu dira, Wanisen hitzetan, eta ustez Gaddafiren jarraitzaileek segada bat jarrita hil dituzte beste bi soldaduak.
Hillary Clinton AEBetako Estatu idazkariak gogor gaitzetsi du «AEBen Libiako misioaren aurkako erasoa», eta adierazi du Washingtongo enbaxadari eraso egin diona «errukirik gabeko talde txiki bat» izan dela, eta ez duela «Libiako herria ordezkatzen». NATOko idazkari nagusi Anders Fogh Rasmussenek ere gaitzetsi du erasoa, eta aldi berean, adierazi du ziur dagoela Libiak «etorkizun baketsu eta demokratiko» baterako bidea egingo duela.
Babes neurrien eskaera
Catherine Ashton NBEko diplomazia buruak azaldu du erasoak «harridura» eragin diola, eta Libiako Gobernuari eskatu dio atzerriko diplomazialariak babesteko «beharrezko neurri guztiak» har ditzala lehenbailehen. Horrez gain, NBEk esan du «babes eraginkorragoa» beharko luketela Libian dauden ordezkaritza diplomatikoek, baina ezinbestekotzat jo du bereiztea protesta egiten duten herritak eta NATOko misioari eraso egin dioten «erradikalak» .
Nazioartean ere izan du oihartzuna Bengaziko kontsulatuaren aurkako erasoak. Frantziako presidente François Hollandek «irmotasun osoz» gaitzetsi du gertaera, eta erantzuleak atxilotzeko eskatu du, «epaitu ditzaten». Tunisiako presidente Moncef Marzukik, berriz, Libiatik bere herrialdera itzuli da bisita ofiziala bertan behera utzita. Libiako Estatu goreneko buru Yusef al-Mankuxek ere erabaki bera hartu du, eta Turkiako bisita ofiziala etenda itzuli da herrialdera.
Obamak «justizia» egingo du
Barack Obama AEBetako presidenteak, berriz, hildako enbaxadorea omendu nahi izan du eta adierazi du «AEBen ordezkari ausarta eta eredugarria» izan dela.Stevensez gain, antzeko erasoetan hildako AEBetako gainerako herritarrez ere oroitu da, eta azaldu du eurek erakutsi dutela «AEBek askatasunarekin eta justiziarekin duten konpromisoa», eta «modu krudelean bizia kendu» dietenekin alderatu ditu. Azaroko presidentetzarako bozen kanpaina bete-betean, «justizia» egingo dela ziurtatu die Obamak herritarrei, eta azaldu du Washingtonek eta Tripolik batera lan egingo dutela AEBetako diplomatikoei eraso egin dieten «hiltzaileak justiziaren aurrera eramateko». Obamak salatu du, Mahomaren inguruko bideoari erantzuteko izan dela esanda «indarkeria justifikatzen» saiatzea, eta argi utzi nahi izan duAEBek edozein erlijio «toleratzeko konpromisoa» dutela.
Mitt Romney AEBetako presidentetzarako hautagai errepublikanoa ere «haserre» agertu da Libiako erasoarengatik. Baina «lotsagarria» iruditu zaio Obamaren jarrera, eta «AEBetako baloreengatik barkamena eskatzea akatsa» dela gaineratu du.
AEBen enbaxadorea hil dute Libiako Bengazi hirian
Mahoma eta Islama kritikatzen dituen AEBetako bideoaren aurkako protesten ostean egin dute erasoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu