Qatarko Al Jazeera telebista kateak ustez Al Kaedako bigarren buruzagi Aiman al-Zauahiriren mezu bat zabaldu zuen atzo. Mezu horretan, ustez Al-Zauahirirena denahots batek Ameriketako Estatu Batuen aurka berriz ere erasoak izango direla iragartzen du. «Bush, zorrotz itzazu segurtasun neurriak (...) New York eta Washingtonera brigadak bidali zizkizun nazio islamikoak [2001eko irailaren 11ri buruz ari da], brigadak bidaltzen jarraitzea erabaki du, heriotza erein eta iristeko joateko asmoz».
Badirudi George Bush AEBetako presidenteak hilaren hasieran egindako zenbait adierazpeni erantzuna dela audio grabazioa. Bushek esan zuen Washingtonek «oso lan ona» egin zuela Al Kaeda desegiteko eta horri esker erakundeko buruzagien bi heren «atxilotu edo hil» dituztela. Erresuma Batuko The Sunday Express egunkariak asteburuan adierazi zuen AEBek inguratuta zutela Osama Bin Laden Pakistanen. Pentagonoko eledun batek, aldiz, berria gezurtatu zuen astelehenean. Zurrumurruen arabera Bin Laden zegoen zonalde horretan bertan Al Kaedako 20 bat kide atxilotu zituela eman zuen jakitera atzo Pakistango Gobernuak. Al Jazeerak zabaldutako mezuan ukatu egiten zen, era berean, AEBek «munduan bakea eta segurtasuna zabaltzen dutela», Iraken eta Afganistanen esaterako Bushek esana da hori ere. «Irak ez da askea ezta segurua ere, diktadore laiko baten tiraniatik islamaren etsaia den okupatzaile gurutzatu batera pasa da, nahi duena hil, torturatu eta lapurtzen duena».
Ohartarazpena
Londresen egoitza duten bi erakunde islamikotako buru Omar Bakri eta Jasser al-Serriren ustez, Al Kaedaren mezua larritzeko modukoa da. «Orain arte, Al Kaedak bere mehatxuak bete ditu, nahiz eta irailaren 11ren ondoko atentatu guztiak Al Kaedaren ideiarekin bat datozen eta ideia horiek oinarritzat dituzten tokian tokiko taldeek egin dituzten».
AFGANISTAN
AEBen kontra eraso gehiago egingo dituela iragarri du Al Kaedak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu