AEBetako dolarra pesoak ordezkatuko du Kuban

Estatu Batuen presioei aurre egiteko, azaroaren 8tik aurrera uhartean ezin izango da dolarretan ordaindu

Erredakzioa
2004ko urriaren 27a
00:00
Entzun
«Azaroaren 8tik aurrera peso kubatarra AEBetako dolarraren ordez erabiliko da lurralde osoan», adierazi zuen astelehen gauean Fidel Castro Kubako presidenteak: «Biztanleek nahi adina AEBetako dolar edota peso kubatar aldagarriak gorde ditzakete euren kontu korronteetan». Azaroaren 8tik aurrera, baina, tabernetan, hoteletan, taxietan, hau da, dibisatan ordaintzen den lekuetan ez dute dolar estatubatuarra onartuko. Peso kubatar aldagarria bakarrik onartuko dute leku horietan guztietan. Moneta hori 1990eko hamarkadan sortu zuten eta dolarraren balio bera du, baina Kuban bakarrik onartzen da. Beraz, Kubatarrek euren kontuak dolarretan mantendu ahal izango dituzte inongo zigorrik gabe, baina ezin izango dute salerosketetan erabili.

Castrok salatu zuenez, AEBek politika gogortu dute Habanarekiko eta atzerriko bankuetan presioak egiten ari dira Kubak kanpoan gordailurik egiterik izan ez dezan. Presio horiei erantzutea erabaki du Castrok.Ameriketako Estatu Batuek milioi askoko isuna jarri diote Suitzako Bankuen Batasunari diru kubatarra zuritu duelakoan. Era berean, Bushek neurriak hartu ditu AEBetan bizi diren kubatarrek uhartera bidaltzen duten dirua mugatzeko.

Dolarraren gaineko zerga

Azaroaren 8ra arte inongo zergarik ordaindu gabe aldatu ahal izango dituzte kubatarrek dolarrak. Ordutik aurrera, aldiz, %10eko zerga ordaindu beharko dute, «Kubako ekonomian dolarra erabiltzeak sortzen dituen kostu eta arriskuak direla eta». Herrialdean onartzen diren gainontzeko atzerriko diruek (euroa, Kanadako dolarra, libera esterlinoa eta franko suitzarra) ez dute zergarik izango.

«Dolarraren balioa gutxitu egingo da azaroaren 8tik aurrera, superinjustizien superpotentziaren dolarraren balioa», esanez amaitu zuen Castrok.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.