Atzo Coloradoko (AEB) Aurora hiriko zinema batean izandako sarraskiak "terrorismoarekin" lotura duela ukatu du FBI Poliziak berriz ere, baina gertaera "ikertzen" ari direla gaineratu du.
Film baten estreinaldian, gas maskara batekin jantzitako lagun bat sartu zen aretoan, eta ikusleak tirokatu zituen. Hamabi lagun hil zituen, eta 59 zauritu. Poliziak zinemaren ondoko aparkaleku batean atxilotu zuen ustezko erasotzailea: James Holmes izeneko 24 urteko gaztea. Haren etxea "bonba tranpez betea" aurkitu duela esan du Poliziak.
Medikuntza ikasle ohia da Holmes, eta jatorriz Tennesseekoa (AEB).
Ameriketako Estatu Batuetan urtero gertatzen dira gisa horretako tiroketak. Iragan apirilean, adibidez, Kaliforniako unibertsitate batean ikasle ohi batek zazpi lagun hil zituen. Aurora hiriaren estatuan 1999an Columbine ikastetxean izandakoak du sona handiena: bi ikaslek hamahiru lagun hil, eta bere buruaz bertze egin zuten. AEBetan herritarrek eskura dituzte armak, salmenta liberalizatuta dagoelako.