Joan den asteburuan azaleratuzen Ameriketako Estatu Batuetako zerbitzu sekretuetako zenbait agentek Ameriketako goi bileraren harira Kolonbian izandako eskandalua, eta soka luzea ekarri du AEBetan. Gertatutakoa «oso kezkagarria» da, Leon Panetta AEBetako Defentsa idazkariaren arabera, eta eskandaluak goi bilera eklipsatu izana tristetzat jo du Hillary Clintonek, Estatu idazkariak.
Barack Obama presidentea Kolonbiara joan aurretik Cartagenara joan ziren haren zerbitzu sekretuetako agenteak, hura iristerako ostatu hartu beharreko Caribe hotelean dena kontrolpean edukitzeko. Obama iritsi aurreko gauetan, baina, prostitutak kontratatu zituzten 11 agentek eta beste 10-12 militarrek. Guztira, hogei prostitutatik gora egon ziren Obamaren hotelean, eta Pentagonoa kasua ikertzen ari da. Dagoeneko kargua galdu dute hiru agentek: dimisioa aurkeztu dute bik, eta beste bat, kaleratu egingo dute.
Pentagonoarentzat ez da lan zaila izan Kolonbiako prostitutak zeintzuk diren jakitea, hotelera sartzeko izen-abizenak eman behar izan baitzituzten harreran, segurtasun arrazoiengatik. Haietako bat elkarrizketatu du The New York Times-ek, izenik eman gabe, eta azaldu du 610 euroren truke agente estatubatuar batekin gaua pasatzeko tratua egin zuela. Arazoa, hurrengo goizean sortu zen, hark soilik 25 euro ordainduko ziola esan zionean. Emakumea sutan jarri zen, eta sekulako eztabaida hasi zuten. Hoteleko Poliziak esku hartu behar izan zuen orduan, eta horregatik atera zen argitara Obamaren zerbitzu sekretuaren afera.
Elkarrizketatutako kolonbiarrak adierazi du, hala ere, ez dela prostituta bat, escort bat baizik. «Antzekoa da, baina ez da berdina. Ron fina edo BlackBerry bat edo iPhone bat erosten duzunean bezala gertatzen da. Beste prezio bat daukate».
Gerta zitekeena
Ameriketako goi bileraren eskandaluak agerian utzi du presidentearen segurtasuna arriskuan egon zitekeela, eta alarmak piztu dira AEBetan. «Oso larria izan zitekeen», esan du Pete King-ek, AEBetako Ordezkarien Ganberako Barne Segurtasunerako Batzordeko presidenteak. «Emakume horiek talde terrorista batentzat lanean aritu izan balira presidenteari buruz oso informazio baliotsua eskuratzeko aukera izango zuketen». Obamaren agenda eta mugimenduen berri izaten du haren zerbitzu sekretuen taldeak.
AEBetako ABC kateak azaldu duenez, presidentearen zerbitzu sekretuaren taldeko agente batzuk Cartagenako Pleyclub putetxera joan ziren, eta, whiskia edan eta prostitutak eskatu bitartean, harrotasunez adierazi zuten Obamarentzat lan egiten zutela: «Bera babesteko gaude hemen».
AEBetako segurtasuna dudan jarri du Obamaren bizkartzainen eskandaluak
Ameriketako goi bileran agenteek prostitutak kontratatu izanak haserretu egin ditu Clinton eta Panetta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu