AEBetako Senatuak behin betiko onartu du zorraren muga igotzeko akordioa

Azken egunean lortu dute errepublikanoek eta demokratek ados jartzea

2011ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
AEBetako Senatuak behin betiko onartu du zorraren muga igotzeko akordioa, horretarako zuen azken egunean. Atzo eguerdian bildu ziren senatariak, astelehenean Ordezkarien Ganberan onartutako proposamenaren inguruko botoa emateko. Senatuan demokratak dira gehienak, Ordezkarien Ganberan ez bezala. Baiezko 60 boto behar zituzten gutxienez proposamena aurrera ateratzeko, eta 74 lortu dituzte azkenean.

Barack Obama presidenteak atzo arratsaldean sinatu zuen testua. Dena den, ez dator guztiz bat adostutakoarekin, eta egoera ekonomikoa hobetzeko «luzera begirako plan bat» adostu beharko litzatekeela uste du.

Aurretik hainbat saiok porrot egin ondoren, epea ia betea zutenean lortu zuten errepublikano eta demokratek ados jartzea, astelehengauean. Atzorako zorraren muga igotzeko akordiorik lortu ezean, AEBek izugarrizko porrot ekonomikoa jasango zuten eta munduko gainontzeko herrialdeei eragingo zieten.

Dena den, adostutakoak ez ditu guztiz betetzen bi aldeen nahiak. Akordio bat iritsi ezean jasango zituzketen ondorio larriak kontuan izanik, ezinbestekoa izan da alde biek hainbat gaietan amore ematea. Hortaz, moderatuen arteko akordioa izan dela esan daiteke. Asteleheneko bozketan agerian geratu ziren alderdi barneko desadostasunak. Demokraten artean, esaterako, erdiek baino ez zioten baiezkoa eman proposamenari, 95 ordezkarik. Izan ere, liberalek aberatsenei zergak igotzearen alde egin dute, eta akordioan ez dute halakorik sartu. Errepublikanoen artean akordioaren alde agertu zirenak gehiago izan baziren ere —174 baiezko eta 66 ezezko—, kontserbadoreenek, Tea Partyko ordezkariek, berretsi egin dute beren desadostasuna, eta berriro bizkarra eman diote presidentearen eskaerari.

Ahulezia politikoak agerian

Adostasuna lortzeko izan duten zailtasunak sinesgarritasuna kendu dio orain arte bederen lehen potentzia ekonomikoa izan denari. Barne zatiketek arriskuan jarri dute mundu osoko ekonomia. Vladimir Putin Errusiako lehen ministroak mundu ekonomiaren «bizkarroia» izatea egotzi die AEBei, merkatuetan sortu duten ezegonkortasunagatik.

Barack Obamaren negoziazio gaitasuna, berriz, ezbaian jarri du asteleheneko akordioak, amore eman behar izan baitu presidenteak. Tea Partyk eduki dezakeen indarra ere argi geratu da, haren desadostasunagatik aurreko astean demokraten proposamena ezin izan baitzuten aurrera atera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.