AEBetako Senatuak ez du onartu homosexualei armadan mugak kentzea

Zergei buruz Obamak errepublikanoekin lortutako akordioa arbuiatu dute demokratek

Iker Aranburu.
2010eko abenduaren 11
00:00
Entzun
AEBetako soldadu homosexualek beste aldi luze batez itxaron beharko dute beren sexualitatea lasai aldarrikatzeko armadatik kanporatuak izateko arriskurik gabe. Senatari errepublikanoek berriro ere blokeatu egin dute Don't Ask, Don't Tell lege polemikoa bertan behera uzteko saioa. Erabaki horrekin«izugarri atsekabetuta» azaldu da Barack Obama presidentea.

Ordezkarien Ganberak urte hasieran eman zion oniritzia lege hori bertan behera uzteari, baina gaia Senatuan zegoen geratuta. Datorren urtarrilaren 1etik aurrera gehiengoa laburtuko zaienez -59tik 53ra-, Senatuko demokratek azken saio bat egin zuten ostegunean. 60 boto behar zituzten legea indargabetzeko, baina 57 baizik ez zituzten lortu. Senatari errepublikano bakarra batu zitzaien -Susan Collins-eta demokrata batek huts egin zien, prozedura kontuak argudiatuta. Collinsek eta Joseph Lieberman senatari independenteak jakinarazi dute urtea amaitzeko geratzen diren asteotan saiatuko direla legea indargabetzeko beste proposamen bat egiten, baina aitortu dute aurrera egiteko aukera gutxi daukatela.

Homosexualen elkarteek eta giza eskubideen aldekoek deitoratu egin dute Senatuaren ezezkoa, eta Don't Ask Don't Tell baliogabetzeko borrokan jarraituko dutela iragarri dute. Beteranoen elkarteak ere haserre azaldu dira,homosexualei armadan mugak jartzearren, errepublikanoek beste zenbait neurri galarazi baitituzte. Horren erruz, soldata igoerarik gabe geratu dira, Irakera eta Afghanistanera ezingo dute materiala bidali, eta2001eko irailaren 11ko atentatuetan garbiketa lanak egin zituzten milaka suhiltzailek, poliziak eta boluntario arruntek ez dute laguntzarik izango arnastutako ke eta hauts toxikoek eragin dizkieten gaixotasunetarako.

Lege diskriminatzailea bere horretan geratzea porrot politikoa da Obamarentzat, kanpainako promesen artean zuelako. Urtea amaitu bitartean gaiari berriro heltzeko eskatu du, lege horrek «segurtasun nazionalari kalte egiten diolako eta berdintasunaren eta justiziaren printzipioak bortxatzen dituelako».

Demokraten matxinada

Homosexualen eskubideena ez da Obama azken egunotan hartu duen zaplazteko bakarra. Ostegunean ere, Ordezkarien Ganberako demokratek arbuiatu egin zuten presidenteak errepublikanoekin zergen inguruan lortutako akordioa. «Errefusatzea edo onartzea bada aukera bakarra, errefusatzea nahiago dugu», justifikatu zuen Lloyd Doggett Texasko ordezkariak.

Demokratek oso gaizki hartu dute Obamak beste promesa bat haustea, George Bushek erabakitako zerga kenkariak aberatsentzako ere mantenduta. Presidenteak argudiatu du akordiorik gabe herritar arruntei ere zergak igoko zitzaizkiela urtearen hasieran, eta langabeziarako aparteko laguntzak ere bukatuko zirela. Litekeena da demokraten ezezkoak ondorio praktikorik ez izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.